Documentos
Opinión
11/05/2006
Erabakitzeko eskubidea
Berria
1982ko martxoaren 15ean, Nafarroako Foru Legebiltzarraren osoko bilkurak, baiezko 49 botorekin (UCD, UPN, PSOE eta Alderdi Karlista) - EAJ eta EEren ezezko botoekin, eta HB, Amaiur eta Talde Mistoa ez zeudela-, gerorako Nafarroako Foru Araubidea Hobetzeko Lege Organikoa (LORAFNA) onetsi zuen; legea urte bereko ekainaren 30ean onetsi zuen Kongresuak.
Tramite horrekin Foru Aldundiak izendatu eta UCD eta PSOEko kideak soilik zituen Batzordearen eta Estatuko Gobernuaren ordezkarien (UCD) arteko negoziazio prozesua burutu zen.
Kontrako txandan EAJren Legebiltzarreko Taldearen eledun Carlos Claveriak hitz egin zuen, eta hauxe esan zuen: «Lege honekin, Forua desagertuko da, nafarren bat historiara igarotzeko obsesiboki tematu baita, gainerako nafarren historiaren kontura bada ere. Nafarroak irmo baiets dezake inoiz ez dela hain gaizki ordezkatuta egon, inoiz ez duela gure eskubide historikoei buruzko axolagabekeria eta amore ematearen halako sentsazio handirik erakutsi. Guretzat, Forua ez da isilean joandako negoziazioa, Foru Legebiltzarraren agindua urratzen, Nafarroak historikoki izan zuen botere politikoaren printzipioen utzikeria eginez, batasun konstituzionalari datxezkion eskumenak direnik inola ere esaterik ez dagoenak lagata, azken orduko aldaketa iraingarriak onartuz eta, gainera, Nafarroako herritarrei horren guztiaren gainean duen iritzia adierazteko aukerarik eman barik. Zuontzat hori Forua hobetzea bada, hor konpon zuek zuon erantzukizun historikoarekin. Baina ez zaitezte saiatu gu Madrilgo zuon lagun eta nagusiekin atondu duzuen amarru horretan harrapatzen , mesedez.»
Foruak Estatua eratu aurretik zegoen Nafarroaren burujabetza izan dira; 1839an Bergarako armistizioaren ostean Estatuak sistematikoki akabatu zituen, bertsio desberdinetan gaur arte iraun duen nabarrismoa bitarteko fidel gisa baliatuz. Mendiez harantzagoko nabarrismo hori izan zen, errepublika garaiko bere aurrekoek (Constantino Salinas, esate baterako) zuten ikuspegiarekin zerikusi handirik ez zuen PSN berriarekin batera, Madrilekin UCDko Gobernuarekin LORAFNA bat negoziatu zuena, otsailaren 23aren osteko inboluzioaren ondorioz aurretik Autonomia Prozesua Harmonizatzeko sortu zen Lege Organikora egokituta, jada desnaturalizatuta jaio zena.
LORAFNA horretan, ez zitzaien nafarrei erreferendumean kontsultatu ere, burujabetzaren gordelari iraunkorrak herritarrak direnean. Eta horrek guztiak dakarrena da Nafarroaren autogobernuaren funtsezko oinarriak, nafar guztien sentsibilitate politiko eta identitatezkoak bildu beharrean, nafarra eta euskaldun sentitzen den eta Euskal Herriko historiarekin, kulturarekin eta hizkuntzarekin (lingua navarrorum) identifikatzen diren Nafarroako gizarteko gero eta zati handiagoa baztertzen ari direla.
2003ko maiatzean Foru Legebiltzarrean Autogobernuaren Ponentzia eratu zuten; legebiltzarrean ordezkatuta gauden alderdi politiko desberdinak ponentzia horretara joan ginen, bakoitzak Nafarroaren oraingo estatus politikoa jasotzen duen lege antolamenduari buruzko gure ikuspegia eta erreforma proposamenak mahairatuz. Ponentzian urte betez eztabaidatzen jardun ondoren, litekeena da ponentzia hori inolako akordiotara iritsi gabe bukatzea.
EAJk Hobekuntza erreformatzeko Nafarroatik eta Nafarroarentzat egindako proposamena aurkeztu zuen txosten horretan (www.eaj-pnv.com/nbb), gure eskubide historikoetan eta, lege antolamendu modernoaren arabera (Nazio Batuen 1945eko Gutuna, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna, 1966koa, eta Helsinkiko Amaierako Akta, 1975ekoa) nafar guztiok gure etorkizuna erabakitzeko daukagun eskubidean oinarrituta.
EAJk Euskal Herriko hiru esparru juridiko-politikoak politikoki artikula daitezen lortu nahi du, eta horren alde lan egingo dugu politikaren alorretik, inposiziorik gabe. Geure egiten dugu Eginoko Mahaiko akordioa: «EAEk, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Akitaniako euskal lurraldeek osatzen duten errealitate plural honek erabakitzeko duen ahalmena onartuko dugu, betiere esparru horietako bakoitzeko herritarren gehiengo handiak denon arteko erabaki prozesu batean parte hartzeko borondatea adieraziko balu, argi eta garbi».
Egun Nafarroan daukagun ordezkaritza politikoaren errealitatetik, eta 1911tik Nafarroako bizitza politikoan eginkor aritu den alderdia garelako legitimitatearekin, hitz ematen dugu gainerako alderdi politikoekin elkarlanean ariko garela, Nafarroako indar politiko guztien elkargune izango den foro bat sortuz burutuko litzatekeen lankidetzaren bidetik abiatzeko, inor baztertu barik, nafarrek demokratikoki adierazitako akordio politiko zabala, gure gizartearen pluraltasuna bermatu eta gure bizikidetza hobetuko duena iristera begira.
Nuestros Autores
-
Andoni Ortuzar
-
José Ángel Agirrebengoa
-
Foro Iruña