Documentos
Nafarroa gero eta gizarte aurreratuagoa da. Horren erakusle, giza garapen eta sozio-ekonomia adierazleak Europako batez bestekoetatik gertu egotea. Aldiz, bizi dugun garaira egokitu gabeko XIX. mendeko botere-eredua erabiltzen du oraindik ere Nafarroak. Hori dela eta, datozen hauteskundeen aurrean eta boterea galtzeko arriskua dutela ikusita, hainbat bitarteko zahar astindu dituzte UPNk eta CDNk. Izan ere, Nafarroako jauntxoek iraganean erabilitako bitartekoak berreskuratu dituzte: beldurra, ezegonkortzea eta aldaketaren arriskua.
Miguel Sanzen jarduera bereziki deigarria izan da. Alegilari ezegonkortzaile gisa jarduten hasi da, bere diputatu Del Burgo jaunak, Alderdi Popularreko alderdikideak, Kongresuan egin zuen bezala —martxoaren 11ko atentatuetan ETAren parte-hartzea frogatzen saiatu zen Del Burgo—. Orain teoria hori asmakizun interesatu hutsa besterik ez zela agerian geratzen ari da, ETAren garairik odoltsuenak etsipenez oroitzen dituztenen gogoa besterik ez zela. Halere, aipatu beharra dago, garai horietan, azken horiek nafarrak beldurtu eta pozoitu ahal izan zituztela «abertzaleek» burutzen zituzten ankerkeriekin, erakunde armatuaren kolaborazio ordainezinari esker. Bien bitartean, «etxaldea» ondo ziurtatua zuten. Edozer alegia preziatutan bezala, orain Miguel Sanzek erregea ere tartean sartu du.
Paradoxikoa da orain dela egun gutxi UPNk eta CDNk Forua eskatzeko manifestazioa deitu izana. Hain zuzen ere, beraiek eta txarto ulertutako nafartasunaren aurrekari politikoak dira gure Foruaren edukia hutsik egotearen eta egungo egoera tristera iritsi izanaren arduradunak.
Guretzat, nafar garen aldetik, Foruak borondate demokratikoa eta erabaki ahalmena esan nahi du. Foruak Nafarroako herritarrak direla Nafarroako etorkizun politiko eta instituzionala erabakitzeko zilegitasuna duten bakarrak esan nahi du. Foruak Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmena berdintasun egoeran egin behar dela esan nahi du. Foralistek esaten zuten bezala, «ez zu nire gainean, ezta ni zure gainean ere». Edota Tony Blairrek Edinburgoko Parlamentuko Sclotland Actean idatzitako hitzak jasotzen duten bezala: «Scotland and England together on equal terms» (Eskozia eta Ingalaterra elkarrekin berdintasun baldintzetan). Izan ere, ez gaude prest inoren menpe izateko. Uste horiek berak direla eta, ez dugu nahi inoren gainean egoterik.
Bien bitartean, Miguel Sanzek zentzu demokratiko txikiena ere ez duela azaldu du berriz ere: Nafarroako boterea blindatzeko hitzarmena eskaini dio PSNri hauteskundeetatik kanpo. Eskaintza horrek Nafarroako herritarrei barre egiten die. Ez al zuen orain dela gutxi esan ez dela Nafarroaren estatus politikoaren inguruko inolako kontsultarik egiteko beharrik nafarrok lau urtetik behin autodeterminatzen garelako foru hauteskundeetan? Orain aukera hori ere kendu nahi digu.
Zapatero presidenteak Nafarroako etorkizuna Nafarroako herritarrek eta beraiek demokratikoki hartuko duten erabakiaren menpe dagoela esaten duenean, Sanzek adierazpen lausoa eta zehaztasunik gabea dela dio. Nafarroako herritarren etorkizuna bere eta bere alderdiaren menpe egon daitekeela uste al du? Horrela bakarrik uler daitezke 4. Xedapen Iragankorra indargabetzearen alde egin dituen adierazpenak. Prebentziozko neurri horrekin nafarrok egunen batean zoratuz gero Nafarroako estatus politikoa aldatzeko aukera izatea eragotzi nahi du Sanzek.
Era berean, UPNk eta CDNk alderdi nazionalista demokratikoak gobernutik kanpo uzteko egindako adierazpenak onartezinak dira. Zentzu herritar eta demokratiko txikiena ere ez dutela frogatzen dute adierazpenek, Nafarroako biztanleen zati garrantzitsua alde batera uztea eskatzen baitute. Etsipenez oroitzen duten jauntxoen Nafarroa beltz eta antidemokratikora itzultzen gara.
Zorionez, aipatutako guztiaren alternatiba gisa, Nafarroako herritarrek Nafarroa Bairen aldeko hautua egiteko aukera izango dute hurrengo hauteskundeetan: aukera nafarra, demokratikoa, krispaziorik gabea, anitza eta irekia da. Nafarroa Baik, milaka nafarren laguntzarekin, herritar guztiak integratzeko premiazko eginkizuna du aurrez aurre; arduragabe horiek guztiz txikitutako elkarbizitza eta bake zubiak berriz ere eraiki behar ditugu. Beldurraren eta ezegonkortzearen estrategiaren aurrean, Nafarroa Bairen apustua oso argia da: lasaitasuna, arrazionaltasuna eta demokrazia.
José Ángel Agirrebengoa, EAJko Nafarroako presidentea eta Nafarroa Bairen hautagaia Parlamenturako
Nuestros Autores
-
Andoni Ortuzar
-
José Ángel Agirrebengoa
-
Foro Iruña