Agiriak
Iritzia
2005/12/24
Gutun irekia Yolanda Barcinari
Diario de Noticias
Iruñeko Alkatesa And. txit agurgarri hori:
“Iruñan, gizabidez” Programaren konpromisuak aurrera eramateko gure lankidetza eskatzen duen zuk igorritako gutun bat jaso berri dugu. Programa honek gure hirikideengan gizabidezko balore eta jarrerak sustatu nahi ditu. Aldi berean, jarrera arduradunak, gizarteratzea eta gure hiriko pertsonekin eta inguruarekin begirunez aritzearen aldeko hiritarren konpromisoa bultzatu nahi du programa honek. Baita, ekimen hau eusten duten 12 konpromiso dituen adierazpen bat sinatzera ere gonbidatzen gaituzu.
EAJ-PNVk konpromiso hauek oso gustora izenpetzen ditu, balore gizatiarrak, gizabidezkoak eta demokratikoak, gizarte hobe baten alde aritzearekin batera, 100 urte baino gehiagoko gure ibilbide historikoaren ezaugarriak izan baitira. Printzipio hauetan oinarritu dugu eta oinarritzen dugu gure ekintza politikoa.
Iruñeko EAJ-PNVarentzat, ondasun publikoak, hiriko altzariak, komunitateko ekipamenduak, natur eta energia baliabideak, … eta ondare historiko-kulturala garrantzitsuak badira ere, pertsonak, gizakiak, gure hirikedeak, … askoz garrantzitsuagoak dira
Hau horrela delako, aipagarriak diren hauetako konpromiso batzuk nabari nahi ditugu. Adibidez, 2. puntuak “pertsonekin begirunez aritzea sustatzea” dio; 3. puntuak “hiria atseginago eta abegikorrago lortzeko ardura hartzera” behartzen gaitu eta 5. puntuak “jardueretan begiruneak, tolerantziak eta elkar-ulertzeak izan behar dutela nagusi” gogoratzen digu.
Gure gain hartzen dugun konpromiso honek “proiektu hau, Iruña hobe bat lortzeko, denon erronka bihurtzera” garamatza (8. puntua) eta, horregatik, “ohartuta zein ohartu gabe eginda ere, gure hiriarekin eta bertako hiritarrekin solidarioak ez diren portaerak oro zuzentzeko aktiboki jardutzera” (3. puntua) eta “hiria eta irundarren elkarbizitzarako espiritua kaltetzen dituzten jarrera negatiboak eta axolagabeak errotik deuseztatzeko ahalegintzera” (4. puntua) ere garamatza.
EAJ-PNVk, 6. puntuan erraten den bezala, Administrazioak -Udalak eta Alkatesa and. buru delarik ere- elkarbizitze eta gizabidezko printzipio hauek bereganatu behar dituela eta, hiritarreentzako eredua izanik, hauei ekiten lehenengoa izan behar duela uste du.
Hori dela eta, igorri dizkiguzun gutuna eta adierazpena gaztelera utsean idatzita egotea ez dugu ulertzen. Honekin, irundarren % 20ari, euskara ezagutzen dugunoi, begirune txikiko trataera, ez atsegina ezta abegikorra ere, erakutsi diguzu. Iruñako biztanleekin elkartasun txikiko eta begirune, tolerantzia eta elkar-ulertze gabeko portaera honek (ohartu gabe izatea espero dugu) gure hirikedeen elkarbizitzarako espiritua kaltetu lezake.
Beraz, publikoki birbaieztatu ditugun konpromisoen arabera, portaera hau eta “jarrera negatiboa eta axolagabea” bezala ulertzera iritsi litzatekeena zuzendu ditzazun eta Iruñako hiritarreekin harremanak izateko euskera eta gaztelera -Nafarroako eta Iruñeko bi hizkuntz propioak- erabil ditzazun eskatzen dizkizugu. Horrela pertsonekin begirunez aritzea sustatuko zenuke eta hiri atseginago eta abegikorrago lortzen lagunduko zenuke.
Baduzu, ba, gure Hiriaren gizabide aurrerakuntza lortzeko gure konpromiso aktiboa eta gure lankidetza.
* Félix Sáez, EAJ-PNVren Iruñako Uri Buru Batzarraren Lehendakaria
Gure Egileak
-
Andoni Ortuzar
-
José Ángel Agirrebengoa
-
Foro Iruña