Agiriak
Iritzia
2005/12/30
Abenduak 30, urtebete geroago
Berria
Osoko Bilkura hau amaituta, Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari deituko diot, eta jakinaraziko diot Ganbara honek Proposamena gehiengo osoz onartu duela; eta negoziazio prozesua berehala zabaltzeko eskaera egingo diot». Horrela mintzo zen Ibarretxe Lehendakaria gaur urte bete, Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Estatutu Politiko Berriaren Proiektua onartu zen une beretsuan.
Instituzio espainolen erantzuna aitaren batean etorri zen. Aurtengo otsailaren 1ean, Espainiako Gorteek danbateko ozena eman zioten euskal instituzioen eskaintzari. PSOEk eta PPk bat egin zuten negoziazio prozesuaren irekiera atzera botatzeko.
Oztopoak oztopo, Rodriguez Zapateroren eta Lehendakariaren arteko eztabaidak argi erakutsi zuen batzuen eta besteen jarrerak. Espainiako presidenteak «elkarrekin bizi bagara, elkarrekin erabaki behar dugu» defenditzen zuen bitartean, Lehendakariak honakoa erantzun zion: «Oker zaude. Elkarrekin bizitzea erabakitzeko ahalmena izan behar dugu». Hor legoke, hain zuzen, gatazkaren erroa eta hortxe dago gatazkaren konponbidea ere: erabakitzeko ahalmenean, alegia.
Kongresuak Proiektua errefusatu izanak, eztabaida lurperatu beharrean agerian utzi du Euskadi eta Estatu espainolaren artean izaera politikoa duen gatazka historikoa existitzen dela. Hartara, «euskal gatazkaren» konponbiderako oinarriak Euskadiko Estatutu Politikoaren Proiektuak jasotzen ditu: Euskal Herriaren aitortza eta bere erabakitzeko eskubidea.
Euskal abertzaletasunaren 110 urteren buruan inork ez du horrelako zehaztasun maila gorenik lortu. Lehen aldiz, teoria politikoa gainditu eta praxi politikora iragan da. Egoitza instituzionalean euskal gatazka konpontzeko egitasmo zehatza aurkeztu da. Lehen urratsa eman da eta ez dago atzera bueltarik.
Proposamena onartu zenetik urte bete iragan da eta gertaerek atzera bueltarik ez dagoela ematen dute aditzera. Euskadik aldi politiko berria bizi du, eta atzeraezintasuna du ezaugarri. Nork imajina zitzakeen orain urte bete ezker abertzalearen eta PSOEren gaur egungo jarrerak? Pentsaezina.
Itxura guztien arabera, Rodriguez Zapatero elkarrizketa bidezko irtenbidea negoziatzeko prest dago (ETA-Estatua). Dena dela, gaur gaurkoz, ezin dugu zehatz asmatu, zintzotasunez, euskal gatazkaren konponbidearen aldeko hautua egiteko prest dagoen (Euskal Herria-Espainia). Edozein modutan, Espainiako presidenteak normalizazio politikorako oinarriak ezagutzen ditu, finkaturik daude. Eusko Legebiltzarrak zehaztu ditu eta orain urte bete onartutako Proiektuak jasotzen ditu.
Bestalde, ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin duela erakusten digute zenbait osagaiek. Jakitun dira, era berean, gatazkaren konponbiderako zumeak finkaturik daudela. Euskal abertzaletasunaren gidaritza gauzatzeko mugimendu politiko demokratikoa lotu nahi dute. Zentzu horretan uler liteke ezker abertzalearen estrategia aldaketa. Diskurtsoa pragmatismoz hornitu dute, eta etorkizun hurbilean bere edukiak bat baino gehiago harrituko du.
Alde biek jakinarazi dute bakegintza eta normalizazioa helburu duen prozesua abian jartzea erraztu nahi dutela. Dena dela, ezker abertzalea ez dago ziur Gobernu espainolaren benetako asmoekin eta alderantziz. Horregatik, eta alde bien elkar mesfidantzari aurre egiteko, aldeetako batek kale egingo balu, ordezko planak gordeta dituzte tintontzian.
ETAk kale egingo balu eta borroka armatuari berriro ekingo balio, demagun, Zapaterok jazarpen neurri guztiak jarriko lituzke martxan eta, parera, Katalunia bezalako Estatutu Akordioa eskainiko lioke EAJri. Egungo Estatutua osatu eta eskuduntza gehiago eskainiko ligukeen akordio berri bat mahai-gaineratuko luke Gobernu espainolak, baina eskaintza horretan ez litzateke, inolaz ere, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea gehituko. Horixe litzateke gure eta katalanen Estatutu Erreformaren testuaren arteko aldea. Estatutu Politiko Berriaren tren-makina ezabatuko luke eskaintza horrek, mamia, alegia, eta, bagoi-etara murriztuko luke, hots, eskuduntzetara. Hitz baten, Eusko Legebiltzarrean orain urte bete onartutako Proiektua ahaztea eskatuko lioke Zapaterok EAJri eta horrek Lehendakariaren amaiera politikoa ekarriko luke.
Baina ETAk ez balu kale egingo eta ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliko balitu, Eusko Legebiltzarrak onartutako Proiektu Politikoaren diskurtso eta praxi politiko osoa ezker abertzalearen esku utziko luke Zapaterok. Ezker abertzalea izango litzateke diskurtso abertzalearen gidari. Aldi berean, EAJ tesi posibilistetara hurbiltzea ahaleginduko litzateke gobernu sozialista (Katalunia bezalako Estatutu Erreforma, esaterako) eta, PSOErekin akordioa lotuta, ezker abertzalearen ideien euste-horma bihurtuko litzateke gure Alderdia.
Ezker abertzaleari PSOErekin elkar-ulertzea huts egingo balio, ordea, bide politiko eta demokratikoak erabiltzearen aldeko hautua bere horretan mantentzea izango litzateke bere estrategia eta, distentsio garaia etorriko balitz, euskal abertzaletasunaren gidaritza eskuratzea izango luke helburu (are gehiago, EAJk Katalunia bezalako Estatutu Erreforma bati baiezkoa emango balio).
Hauexek dira bai ezker abertzaleak zein PSOEk egun darabiltzaten burutazioak. Eta EAJk, estrategia horietaz guztietaz jakitun, orain zazpi urte, 1999an ETAren su-etena hautsi zen egun beretik hartu zuen iniziatiba politikoa bere horretan mantentzen du. Estrategia hori, lehen fasean, Estatutu Politikoaren Proiektu onarpenarekin gorpuztu eta gorenera iritsi zen. Orain, aldiz, etorkizunari begiratu beharra dago. Euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea errespetaraztea lortu behar dugu eta eraginkor eta ukiezin egitea. Kontsulta bidez, erabakitzeko eskubidearen egikaritza azken muturreraino gauzatu beharra dago.
2000 eta 2004ko Txosten Politikoetan jasotzen denaren arabera, Euskal Herriari eta Espainiari eragiten dien gatazka politikoaren konponbideaz bagabiltza, EAJk ulertzen du, desiragarria eta nahitaezkoa litzatekela, Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikotzat hartzen duten alderdi politiko guztiek diagnosi eta gutxiengo demokratikoak bateratu behar dutela, beti ere, bide demokratikoen erabilpena konpromiso izanik. Horrela, Gobernu espainola gatazka politikoaren existentziaz ohartuko litzateke, seriotasunez hartuko luke auzia eta normalizazio politikoa erdiesteko negoziazio-prozesua saihestezin eta luzaezina iritziko lioke.
Hortik aurrera, negoziazio politikoaren Mahaia kudeatu behar da eta, berau osatzeko, sukalde lanak derrigorrezkoak beharko dira izan. Alderdi politikoek gatazka politikoa egon badagoela onartu beharko dugu eta, oinarri demokratikoak bide, metodologia eta edukiak finkatu beharko ditugu. Gehiengoaren adostasuna lortu beharko da baina, ahaztu gabe, adostasuna ez dela ahobatekotasunaren pareko.
Prozesuak ez du atzera bueltarik. Luzea eta oztopoz josia egongo dela jakitun gara. Prozesuaren urrats bakoitza, aurrera-pausu oro, goitik behera blindatu beharko da eta, era horretara, aurrera egindako guztiak ez du atzera bueltarik izango.
Aparteko aldi politikoa zabaltzen zaigu eta denok egon beharko dugu baldintzen neurrira. Inork erreferentzia gardenak ezarri baditu gure Herrian zentzu horretan, hori, Lehendakaria izan da. Bideari hasiera eman dio eta joera politiko anitzeko herritarrekin lotzeko gaitasuna izan du, zintzotasuna, sinesgarritasuna eta segurtasuna helarazten duelako, hain zuzen. Herri honetan, liderrak ez dira hutsetik sortzen. Laborategiko liderrak ezin dio denboraren erlojuari eutsi. Laborategiko liderrak joan-etorrikoak dira eta «bere hortan jarraitzeko» ezin dute arriskatu.
Belaunaldi guztiek beren erantzukizuna dute. Ziur nago, orain urte bete hasi genuen bideak bake eszenatokia ahalbidetuko digula eta euskaldunoi gure etorkizuna erabakitzeko dagokigun eskubidea bermatuko digula. Nahikoa zaigu 1998-2005 urte tartea aztertzea ondokoa ondorioztatzeko: prozesu guztiek gora beherak izan arren, ekindako bideak ez du atzera bueltarik. Lehendakariak hasitako lana amaitu behar du, belaunaldi honetako lider bezala eta legealdi kopurua kontuan hartu gabe. Lana gailendu egin behar du. Zeregin horretan, EAJ eta ni neu, Herri honetako gehiengo zabal bat bezalaxe, bere ondoan egongo gara.
Gure Egileak
-
Andoni Ortuzar
-
José Ángel Agirrebengoa
-
Foro Iruña