Agiriak

rss Ezagutzera eman

Iritzia

2006/02/25


Autobia Transpiriniarra: koherentzia eta Nafarroaren defentsa

Diario de Noticias


Duela hilabete baino gutxiago, UPNren idazkari nagusiak gogorarazi zigun Eusko Alderdi Jeltzaleak autobia transpiriniarraz duen jarrerak “garbi aski uzten duela ez zaiola Foru Komunitatearen aurrerabide eta garapena interesatzen”. Ildo beretik, nafarrek gure jarrera horren jakitun egonen zirela adierazi zuen. Egun, behin betiko ezetsi da autobiaren proiektua eta egungo trazatua hobetzeko erabakia hartu da, komunikazio transpiriniarrari dagokion proiektua iragarri zenetik Eusko Alderdi Jeltzaleak defendatu duen taxuera-eredu berberarekin —C-80 errepidea, hiru erreiko plataforma, bat ibilgailu astunetarako, N-121-A errepidearen antzera—; nafarrek horren jakitun ere egon daitezela espero dugu. Baina espero dugu, baita, nafarrok gure Alderdi honek Nafarroako aurrerabide eta garapenaren alde duen jarrera koherentea ezagutu ez ezik, UPNk abertzaleok ditugun ekimen guztien aurka behin eta berriro erakusten duen jokabide ezkorraren berri ere jakitea. Eta horretarako, noski, gezurretan aritzen dira, gai oro manipulatzen.

UPNk hagitz ongi zekien Frantziako administrazioa ez zetorrena bat autobiaren planteamenduarekin; hagitz ongi zekien gizartea zeharo zegoena proiektu horren kontra, bai Nafarroan eta bai Behe Nafarroan ere; bazekien egunean 2.000 ibilgailu harat-honat igarotzeak ez zuena 20.000 ibilgailurako kapazitatea izanen zuen 2x2 errepide bat egitea justifikatzen; bazekien ingurumen arloan ere hainbat arrazoi zegoena proiektua bertan behera uzteko; eta hori guztia aski ez balitz, hagitz ongi zekien autobia finantzatzeko arazoak direla eta, proiektua astakeria galanta dena. Aitzitik, gure Alderdi honek komunikazio transpiriniarrerako zentzuzko proiektua defendatu izan du beti, Pirinioetako haranen egungo egoerarekin koherentea eta autobiak gizarte, ekonomia eta ingurumen alorretan ukituko lituzkeen interesak errespetatzen dituen proiektua alegia; hala ere, erregionalisten aburuz, kanpoko interesak Nafarroako interesen gainean jartzea da planteamendu hori guztia.

UPNk hagitz ongi zekien hori guztia. Orduan, zer dela eta jarduten du hain temati eta burugogor autobia hori egin beharraz? Agian, kanpoko interesak Nafarroako interesen gainean jarri behar dituelako: Madril Europarekin errepidez azkar komunikatzea, azpiegitura berri baten bidez: Nafarroako Pirinioak zeharkatuko lituzkeen autobia, EAE edo Kataluniako konexioak erabili beharrik ez izateko. Eta baldin horretarako nafarrei sinestarazi behar bazaie hil ala bizikoa dela autobia hori egitea, ba horixe sinestarazi behar zaie. Eta baldin horretarako nafarrei esan behar bazaie Eusko Alderdi Jeltzaleak ez duela Nafarroako aurrerabidea defendatzen, ba hori esaten zaie. Eta baldin horretarako justifikaezina justifikatu behar bada, ba justifikatu egiten da, eta kito.

Zorionez, Frantziako agintariek zentzuz eta senez jardun dute. Bada garaia egungo trazatua lehenbailehen hobetzen hasteko, mendateak ekiditeko tunelak zulatzeko eta N-135 errepidea komunikazio arinerako errepide bilakarazteko; izan ere, horrela errepide alboetan jarduerak kokatzea ahalbidetuko da, Iparraldearekiko komunikazioa erraztu eginen da eta, azkenik, bide horrek zeharkatzen dituen herrien garapen ekonomikoa eta soziala bultzatuko da.

Duela denbora gutxi, autobia transpiriniarraren arloan aurrerapauso handiak eman zirela adierazi zuen Miguel Sanzek. Egun, Pirinio Atlantiarretako Kontseilu Nagusiaren lehendakari Jean Jacques-Lasserrek asteazkenean jakinarazi duen irtenbideaz ari zela sinetsi nahi genuke. Gure Alderdiak pozez hartu du erabaki hori. Lehenengo eta behin, gure iritziarekin bat datorrelako, bete-betean; bigarrenik, erabaki horrek Foru Komunitatearen garapena eta aurrerabidea defendatzen dituelako; eta hirugarrenez, argi aski erakusten duelako UPN gezurretan ari zela garapen eta aurrerabidearen aurka geundela leporatzen zigunean.

Estrategia hori hagitz ezaguna da: gezurra behin eta berriro errepikatzea, harik eta jendeak egia dela sinetsi arte. Ohiko estrategia dute hori PPk eta UPNk. Alberto Catalanek esaten duenean Eusko Alderdi Jeltzalekook Nafarroaren aurkako interesak defendatzen ditugula eta ez gaudela Iruñea-Logroño autobiaren alde, estrategia horretaz baliatzen ari da, besterik gabe. Inondik inora ere ez du esaten EAJ autobia finantzatzeko sistemaren kontra, hots, ezkutuko bidesariaren aurka dagoela, zeren sistema horrek % 19ko irabaziak utziko baitzituen enpresa pribatuen eskuetan, eta Sozietate Publiko batek burutuz gero, portzentaje hori aurreztu eginen baitzen, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten den antzera.

Zorionez, gero eta gehiago gara beste Nafarroa bat eraikitzen ahal dela eta politika egiteko beste modu bat badagoela sinesten dugunok. Eta, ildo horri jarraiki, nafarrok ere horren guztiaren jakitun egonen direla espero dut.
 
 

* José Ángel Agirrebengoa, Napar Buru Batzarraren presidente

EGILEA


José Ángel Agirrebengoa

Gure Egileak

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua