Prentsa Aretoa

2017/05/05

Unai Hualde: “Hemen, Nafarroan, heldu garen lekura iristea ez da erraza izan, lan handia egin izan da, baina lehen eguneko ilusio berberarekin jarraitzen dugu"

“Gaur azpimarratu nahi dugu EAJ-PNVko alderdikideek Nafarroan aldaketa finkatzeko herriz herri egin duten lanaren balioa, eta ongi etorria eman nahi diegu Alderdira sartu diren pertsona guztiei. Politika egiteko ez ezik, Nafarroako hiritarren bizitza kalitatea hobetzeko tokia ere bada eta baita hausnarketa sozialerako,elkarrizketarako eta adiskidetasuna sendotzeko ere".

rss Ezagutzera eman
Unai Hualde: “Hemen, Nafarroan, heldu garen lekura iristea ez da erraza izan, lan handia egin izan da, baina lehen eguneko ilusio berberarekin jarraitzen dugu

ARGAZKIA JAITSI

Hitz horiekin agur egin die Unai Hualde EAJ-PNVren Napar Buru Batzarreko presidenteak EBBko presidente Andoni Ortuzarrekin batera Iruñako jeltzaleen egoitzan elkartu diren alderdikide berriei. Ortuzarrek ere ongi etorria eman die "herri egitasmo handi honetara".

Hualdek zentzu berean baieztatu duenez "Alderdia politika egiteko esparrua izateaz aparte, Nafarroan gaurko eta etorkizunerako nahi dugun tokia ere bada. Alderdikide berriek ere hala ikustea espero dugu, hau da, lan eta militantzia esparru gisa ikus dezatela, baina baita nazio eraikuntzarako, hiritartasun aske eta kritikoa eraikitzeko,alegia”.

Foru Erkidegoan gaur egun ematen den eszenatoki politikoari buruz hitz egiterakoan Hualdek konfirmatu duenez "gaur egun une benetan esanguratsua bizi dugu Nafarroan, gure Alderdia ere bere partea ematen ari delako, aldaketa proiektu honen aldeko lana eginez eta inplikazio handia eskainiz".

“Hemen, Nafarroan, heldu garen tokira iristea ez da erraza izan, lan handia egin behar izan da. Ez da erraza izan herri batzuetako alkatetzatan egotea eta Nafarroako hainbat herritan zinegotzi lana egitea, baina lehen eguneko ilusio berberarekin jarraitzen dugu" esan du Hualdek.

EAJ-PNVren NBBko presidenteak "aldaketa indarrekin eroso" sentitzen dela aitortu du eta ildo beretik baieztatu duenez “bakoitzak bere irizpide ezberdinekin, eta hori politikan oso ona da, Nafarroa anitz eta integratzailea eraikitzen ari gara, gizarte eskubide gehiagorekin, zerbitzu publiko gehiagorekin, enplegu gehiagorekin eta lehiakortasun handiagoarekin".

Ortuzar: “Uxue Barkosen gobernua bide onetik doa, errebantxa goserik gabe"

EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek,bere aldetik, "EAJ-PNVk Nafarroan kalitatezko politikak finkatzeko eman dituen urratsen garrantzia" azpimarratu du, baina gehiegi ez erlaxatzeko deia ere egin du: "lana badago egiteko, gure Herrian hainbat pertsona daude oso egoera larrian eta gure jendeari irtenbideak eskaini behar dizkiogu gizarte gisa haz gaitezen".

Ortuzar Alderdiko ordezkariek eginiko lanarekin "harro" agertu da eta Uxue Barkosen exekutiboaren jardunaren balioa azpimarratu du "bide onetik doa, errebantxa goserik gabe eta inposaketarik gabe, batzuei gustatu ez arren, adierazle ekonomiko eta sozialak Nafarroan ere hobetu dira eta hori sintoma ona da".

Alderdikide berriei ere hitz egin nahi izan die eta horiei eskatu die "Alderdi barruko eguneroko jardunean lan egitea eta zintzotasunez jokatzea", hemendik aurrera "120 urteko historia duen marka baten preskriptore izango direlako, lan handia egitea eskatzen digun markarena".

Amaitzeko, EAE eta Nafarroako gobernuen arteko harremanaz hitz egin nahi izan du Ortuzarrek. "Orain, Iruñean eta Gasteizen, elkar ulertzen duten Exekutiboak ditugu, Herriko sinergia sozial eta ekonomikoak lantzen dituztenak; Euroerregio sendoa ere badugu, partekatzen diren hainbat elementurekin, besteak beste mahai gainean Espezializazio Adimendunerako dauden Estrategiak jarrita eta Ongizate Estatua eta jendearen bizitza kalitatea hobetzeko hainbat planekin; eta horren alde elkarrekin egitea eskatzen dizuet eskuzabaltasun osoz" ezarri du Ortuzarrek.

 

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua