Prentsa Aretoa

2017/11/26

Ortuzarrek Madrili eskatu dio Euskadi eta Kataluniako arazoei “155. artikuluan baino, elkarrizketan oinarrituta aurre egitea”

EBBko presidenteak “lotsagarri” jo du EH Bilduk Ekonomia Itunaren eta Kupoaren bozketan eginikoa baina, hala eta guztiz ere, aintzat hartu du egin dion azken eskaintza: “Hurrengo hilabeteotan ikusiko dugu eskaintza hori benetakoa ote den”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Arazoei aurre egiteko ordua da. Hitz egiteko negoziatzeko eta Euskadiko eta Kataluniako estatus politikoa adosteko ordua da. Konponbidea ez da etorriko ehun eta berrogeita hamabosgarrena aplikatzeagatik, ez da inposaketatik etorriko ,ez sententzia judizial edo konstituzionalak aplikatzeagatik. Elkarrizketatik eta elkarrizketa bidez baino ez da etorriko. Gu hitz egiteko prest gaude, inposaketarik eta betorik gabe. Hemen eta Madrilen. Amai dezagun salbuespen egoerarekin, desarmatu dezagun politika, atera dezagun politika justizia alorretik, Kataluniako ordezkari politikoak espetxetik atera ditzagun eta has gaitezen hitz egiten. Euzko Alderdi Jeltzaleak ahal duen guztia egingo du elkarrizketari ateak zabaltzeko eta akordioak egon daitezen. Duela ehun urte ezin izan zen l, ez hogeita hamaseian ezta hirurogeita hamazortzian ere. Zergatik ez orain? Hona hemen gure eskaintza ”.

Hori da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur, Sukarrietan, Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen heriotzaren 114. urteurrenaren kariaz egin den ekitaldi politikoan zabaldu duen mezu nagusia. Ekitaldi horretan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, José Antonio Suso ABB-ren presidentea, Itxaso Atutxa BBB-ren  Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Eusko Jaurlaritzako sailburuak diren Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Pedro Azpiazu, Jon Darpón, Estefanía Beltrán de Heredia eta Cristina Uriarte, eta Euzkadi Buru Batzarreko burukideak. 1.000 lagun elkarretaratu dira 10:30ean Sabino Aranaren hilobian egin den lore eskaintzarekin hasi den elkarretaratzean; jarraian, 11:00etan izan da urteroko meza eta ekitaldia 12:00etan amaitu da Ortuzarrek bertaratuei esandako hitzekin.

EBBko presidenteak hasteko irakurri ditu 1919koak izan arren, egunotan esan zitezkeen hitzak. Kataluniar Errepublikako Pi eta Suñer Diputatuek Kongresuan emandako hitzaldiak; Andraderena, gutxiengo kontserbadoreen taldekoarena, Kataluniako etorkizuna espainiar guztien kontua dela esanez eman zuena; eta EAJko Epalzarena, Kataluniako kausari jeltzaleen adeitasuna eta babesa adierazteko eman zuena. Eta Ortuzarrek hitzaldi horiek irakurri ditu Madrilen gaurko krisi politikoa “momentuko moda” dela edo “euskaldunei eta kataluniarrei” laster pasatuko zaiela pentsatzen dutenak oker dabiltzala erakusten dutelakoan. “Ia ehun urte geroago, gauzek berdin jarraitzen dute. Argi dago hemen lehen mailako gatazka politiko eta soziala dagoela eta bi Errepublikatan, diktadura batean, berrogei urteko Monarkia Parlamentarioan, bi Konstituzio eta sei Autonomia Estatututan bizirautea lortu duela. Oraindik jarraitzen du konpondu gabe eta derrigorrez konpondu beharra dago. Ehun urte eman ditugu Madrilen Euskal Aberria aldarrikatzen eta, beharrezkoa bada, beste ehun urtetan berdin jarraituko dugu gure aldarrikapena aitortua izatea lortu arte. Jeltzaleen buruak espero du “euskal eta kataluniar auzia konpontzeko beste ehun urte itxaron behar ez izatea” eta EAJ-PNVren eskua luzatu du, konbentzituta baitago edozein konponbide elkarrizketatik sortuko dela.

Elkarrizketa zuzena, berdinen artekoa, akordioak lortzeko asmoarekin. Aste honetan bertan Diputatuen Kongresuan Ekonomia Itunaren eta Kupoaren inguruan erakutsi denaren modukoa. Espainia eta Euskadiko gobernuen arteko aldebikotasunaren adibide bat izan da. “Aldebikotasuna egingarria ez ezik, desiragarria ere bada. Ekonomia Itunaren eta Kupoaren inguruan espainiar eskuineko eta ezkerreko botoak batu ziren, kataluniar eta euskal abertzaleen botoak”, goraipatu du Ortuzarrek. Hori esanda, jeltzaleen buruak Espainia “una, grande y libre” horretan tematuta daudenen kontra hitz egin du, gaur egun Ciudadanos eta Rivera gorpuzten duten falange berriaren kontra,alegia. “Zenbat gezur, zenbat manipulazio eta zenbateko gorrotoa ezberdina den guztiaren kontra”. Jarrera hori erabat mespretxagarria izanik, Ortuzarrek are mingarriago jo du Ezker Abertzaleak euskal autogobernuarentzat horren funtsezkoa den gaiaren aurrean erakutsi duen jarrera. “Bilduk ere ez omen du gustuko Estatuarekin guk harreman zuzena izatea. Ezker Abertzaleak PNVitis edo EAJfobia dauka eta oso pronostiko txarra duen gaitza da. EAJ sartuta dagoen edozerk gaixotu egiten ditu eta ez dute inolako arazorik euskal herritarron interesak sakrifikatu behar badituzte, gu ondo aritu garela aitortu baino lehen. Bai lotsagarri geratu zirela ostegunean!. Argi utzi dute ez dutela inolako kriterio politikorik. Lehen aldia da talde abertzale batek ez duela Ekonomia Itunaren multzo guztia babesten. Eta hori larria da. Ekonomia Itunaren arerioek gehien nahi dutena baita euskal herritarrak horren inguruan etsaituta ikustea”, deitoratu du Ortuzarrek.

EH Bilduk EAJrekiko erakusten duen beligerantziak azaltzen du, Ortuzarren aburuz, “abertzaleok gure artean adosteko, ahaleginak bateratzeko, analisi eta ekimenak partekatzeko dugun zailtasuna. Eta tamalgarria da. Egunotan ikusten ari gara Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien aurrekontuekin. Doikuntza fiskalekin ere bai. Ez dago modurik. Bilduk sozialistekin apurtzea eskatu digu, PPrekin ez hitz egitea, baina gero ez dira negoziatzeko gai”. Hala eta guztiz ere EBBko presidenteak gogora ekarri nahi izan du EH Bilduk iragan ostiralean EAJ-PNVri eta Podemosi ardatz politikoa sortzera begira egindako “eskaintza”. “berandu iritsi da eta ez du ematen oraingo baldintza politikoetan oso eskaintza sinesgarria denik. Une honetan Euskadiko erakundeak eta beren egonkortasuna hankaz gora jarri nahi izatea ez da ez errealista ezta ona ere”, esan du Ortuzarrek, baina Ezker Abertzaleak luzatutako eskaintza jaso du. “Baina ez dugu eskaintza hori baztertuko. Bilduk gurekin adosteko erakutsi duen borondatearekin geratzen gara, eskaintza horretatik horixe ulertu dugulako. Hurrengo hilabete eta urteetan hainbat aukera izango ditugu eta gai pilo bat izango dugu elkar ulertzeko asmo hori erakutsi ahal izateko. Autogobernua, ekonomia biziberritzea, gure Hezkuntzaren etorkizuna, Euskadiko komunikabideak, euskararen erabilera, demografia eta familia,… eta Herri honetan horren garrantzitsuak diren beste hainbat gai. Gurekin adosteko benetako borondatea badute, gu prest egongo gara beraiekin hitz egiteko. Ea urte bete barru, hemen elkartzen garenean, akordio bat dagoela eta aurrera egitea lortu dugula esaten dizuegun”.

Ortuzarrek Sukarrietako gaurko hitzordua aprobetxatu du EAJ-PNVk PSE-EErekin eta PPrekin zerga eta aurrekontuen inguruan daraman negoziaketak zein egoeratan dauden azaltzeko. Lehenengo eta behin azaldu du bere alderdia negoziatzen ari dela “Adosteko borondatea erakutsi digutenekin. Gure helburua da gure erakundeentzat egonkortasuna lortzea, aurrekonturik onenak izan ditzatela, kalitatezko gizarte zerbitzuak izan ditzagun eta, nazioarteko egoera ekonomikoa aprobetxatuta, Euskadik ere aurrera egin dezan. Jarraian azaldu ditu Sozietateen gaineko Zergan egin diren aldaketak. “Egingarria da gure enpresentzat fiskalitate bidezkoa izatea sistema publikoari eutsi ahal izateko eta,aldi berean, arazoa izan ez dadin eta kanpokoekin lehiatu daitezen eta Euskadira enpresa berriak erakartzeko. Sistema berriarekin, enpresak hobeto egongo dira, lehiakorragoak izango dira eta, gainera, diru-bilketa hobetuko da”, amaitu du.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua