Prentsa Aretoa

2018/05/05

Ortuzar eta Hualde: “Denborak arrazoia eman dio EAJ-PNVri demokrazian oinarritutako euskal abertzaletasuna garatzeko egin duen apustuan”

Talde jeltzaleak omenaldi hunkigarria eskaini die gaur Iruñeko Baluarten, Nafarroan alderdikide izaten 25 edo urte gehiago daramatzaten militanteei

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk Iruñeko Baluarte jauregian omenaldi hunkigarria eskaini die alderdikide gisa 25 urte egin dituzten Nafarroako emakume eta gizonei. “Emakume eta gizon abertzaleak, EAJren proiektuaren alde uste osoa dutenak eta konpromiso eta eskuzabaltasun paregabea erakutsi dutenak” , bere sasoian, eta bereziki alderdiak 80. hamarkadan bizi izan zuen eszisioarekin, Alderdiak Nafarroan bere errautsetatik berpiztea eragin zuten eta “denborak erakutsi duen bezala, orduan eginiko apustu politikoak zuzenak izan direla ikusi dugu”, esan du Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak. Hualdek gaurko ekitaldia zuzendu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen laguntzarekin. Bien artean EAJ-PNVren intsignia jarri diete 40tik gora alderdikideri. Ortuzarrek eta Hualdek baieztatu dutenez “denborak arrazoia eman dio EAJ-PNVri demokrazian oinarritutako euskal abertzaletasuna garatzeko egin zuen apustuan ”, ETAren behin betiko disoluzioaren ondoren orain bizi dugun une historikoaren erreferentzia eginez. Gaurkoa izan da,hain zuzen ere, ETAren existentziatik libre, EAJk egin duen lehen ekitaldi politikoa. Horregatik, ekitaldiari hasiera eman zaio San Fermín Ikastolak interpretatu duen ‘Agur Jaunak’ abestiarekin eta ETAren jardunak eragin diguen biktima guztiak omentzeko egin den minutu bateko isilunearekin.

Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek gogoratu duenez “alderdi hau hainbat urteurrenen lekukoa izan da, besteak beste Iruñeko Udalean EAJko lehen zinegotziak sartu zireneko lehen mendeurrena (1917) edo Iruñeko Aberri Batzarra egin zeneko 40. urteurrena (1977), alderdia klandestinitatetik ateratzea ekarri zuena”. Iruñean 1977an egin zen Batzarra gogoratuz , Hualdek gogora ekarri du “ordukoa ere izan zela Txibertako urtea, alderdiak politika egiteko apustua egin zuenekoa, frankismoaren gau luze eta ilunaren ondoren zabaltzen zen aldi hartan”. Hualderen hitzetan denborak “arrazoia eman dio EAJ-PNVri, demokrazian oinarritutako euskal abetzaletasuna garatzeko egin zuen apustuan”.

Alderdiak Nafarroan berrikitan bizi izan duen historiari dagokionez, Hualdek gogoratu du duela  25 urte,1993an, “gaur egungo egoitza” inauguratu zela Iruñeko Zapateria kalean. “Ordutik aurrera alderdia egin duzuenon indarrari esker, orain lan horren fruituak ikusten hasiak gara”. Era berean, Nafarroako jeltzaleen buruak gogoratu eta aldarrikatu nahi izan du 1999tik hona Nafarroako Parlamentuan eta orain Gobernuan atsedenik gabe aritu izan diren guztien lana: José Manuel Goikoetxea (1999-2003), José Luis Etxegararai (2003-2007), José Ángel Agirrebengoa (2007-2011), Manu Ayerdi (2011-2015), eta gaur egun ari diren Jokin Castiella eta María Solana.

Hualde oso pozik agertu da alderdiak azken urteotan hainbat koaliziotan egin duen lanarekin eta ekarpenarekin:Nafarroako Abertzaleak, PNV-EA, Nafarroa Bai eta Geroa Bai, “zeinetan Erkidego honetan bigarren indar politikoa garen Zabaltzen eta Atarrabia Taldeako kideeekin , 40 urtetan UPN eta PSN alderdien gobernu baztertzaileak sufritu ondoren ”. Era berean, Hualdek azpimarratu du “Alderdiak Uxue Barkosen aldaketa gobernuari egin dion ekarpen erabakigarria”.

Ortuzarrek hiru mezu zabaldu ditu: EAJ ez da Nafarroara etorri, Nafarroa ere badelako; EBBa Foru Erkidegoan aldaketa finkatzeko lanaren zerbitzura dago; eta EAJ atzo egon zen “Kanbon, iraganean, eta Bertizen, etorkizunean” , “Euskadiren etorkizuna erabakiko den leku guztietan egongo delako”.

Ortuzarrek hitz egiten hasi orduko esan duenez  “bihar batzuek esango dute EAJ Nafarroara etorri dela, eta erabat oker ibiliko dira”, esan du “EAJ Nafarroa delako eta EAJk Nafarroan 110etik gora urte daramatzalako. Alderdien erregistroa begiratu beharko nuke, baina Nafarroako alderdi zaharrena ez bagara, hurbil ibiliko gara”. Jeltzaleen buruak aldarrikatu du EAJk Nafarroako aldaketa politikoari egin dion ekarpena, baina era berean ohartarazi duenez “orain aldaketa horri eutsi behar diogu eta finkatu behar dugu.EBBa aldaketaren zerbitzura dago, Nafarroako gizartearentzat eta gure proiektu politikoarentzat ona dela uste dugulako . Jarraipena eman behar diogu, aldaketa baino, Nafarroako egoera arrunt eta normala izan dadin. Nahikoa salbuespen egoera bizi izan ditugu Nafarroan!”.

Ortuzarrek gogora ekarri ditu EAJ desgastatzeko estrategian elkar erakartzen duten mutur biak. “Batzuei gustatu izan zaie gu Kanbon egotea, baina kritikatu egin gaituzte Madrilen negoziatzen dugulako. Batzuek eta besteek nahi dute beren itzalpean egon gaitezen, baina EAJk euskal herriaren eta Gernikako Haritzaren itzalpera baino ez du hurbildu nahi, eta euskal herriaren geroa erabakiko den lekuan egongo gara, Kanbon edo Madrilen”, baieztatu du. “Azken 60 urte hauetan euskal herriaren geroa ulertzeko bi modu egon dira: ETArena, Euskadiren izena eraman arren hari kasurik egin ez dion eta behin eta berriz erasotzen zuenarena; eta EAJrena , herri hau egunez egun eraiki duenarena, urratsez urrats, gaurko egunera arte ekarri duenarena. Hori izan da ezberdintasun handiena : batzuk beti herriaz hitz egiten baina herriari eraso egiten; beste batzuk bihotzean herria eramaten eta hark esaten zuenari kasu egiten. Emaitza?ETA atzo disolbitu zen eta EAJ bertan egon zen, zutik eta euskal herriari aurpegira begiratzen”.

Amaitzeko , EBBk atzo bizi izandako gertakariei buruz duen ikuskera azaldu du. “Atzo Kanbora joan ginen amesgaizko baten amaieraren lekuko eta notario izateko, izu eta sufrimenduz betetako aldiaren amaiera egiaztatzeko. Han egon beharra zegoen, ETAri behin eta berriz erreklamatu izan diogu denok, eta horrek ez du esan nahi beren ibilbide beltza zurituko dugunik edo biktimak ahaztuko ditugunik. Goizean Kanbora joan beharra genuen gure herriaren iraganik beltzena ixteko, eta arratsaldean Bertizera joan beharra zegoen gure etorkizunaren arbola landatzeko: Kanbo zen iragana, Bertiz da etorkizuna”.

 

 

 

 

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua