Prentsa Aretoa

2018/12/05

EAJ-PNVk “harrituta eta suminduta” sentitzen dela adierazi du, Nafarroako JANek manadaren auziaren inguruan hartu duen erabakiagatik

EAJ-PNVren Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek aditzera eman duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak egitateak,sexu-erasotzat baino, abusutzat jotzeko eman duen epaiak areago egiten du “gizartearen eta justiziaren artean gaur egun dagoen zatiketa”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk “harrituta eta suminduta” sentitzen dela adierazi du, Nafarroako JANek manadaren auziaren inguruan hartu duen erabakiagatik

ARGAZKIA JAITSI

“Ebazpen judizialak bete behar direla aintzat harturik ere, sumindura eta harridura sentitzen dugu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2016ko Sanferminetako talde-bortxaketa egotzi zitzaien bost auziperatuei abusu zigorra konfirmatu diela ikustean, sexu-erasoa izan behar zuenean”, esan du Hualdek.

EAJ-PNVk jendaurrean adierazten du eraso haiek “erabat gaitzesten dituela eta nazka eragiten diotela”, eta aditzera eman nahi du “oso kezkatuta” dagoela “gizartearen eta justiziaren artean gero eta zatiketa handiagoa ematen ari dela ikusirik, eta bereziki mingarria da emakumeen kontrako indarkeria bezalako gai batean”. EAJ-PNVren aburuz, gaur ezagutu duguna moduko ebazpenek “ez dute bat egiten gizartea berdintasunaren alde daukan heldutasun mailarekin”.

EAJ-PNVren Napar Buru Batzarreko Presidenteak era berean gogoratu du legegintza esparrutik egokia litzatekeela “Gorte Nagusietan zigor legeria aldarazteari buruzko eztabaida berriz irekitzea, eta argi eta garbi uztea, eta ez interpretazioen mende, baimenik eman gabe egindako edozein sexu-jardun, sexu-erasotzat hartua izan dadin. Gai hori berrikitan eztabaidatu dute Nafarroako Parlamentuan Geroa Bai Talde Parlamentarioak sustatu zuen mozioan, UPN eta PPN alderdiek salbu, Ganberako talde guztiek babestu zutena”.

Hualderen aburuz “halakoa moduko ebazpenek agerian uzten dute oraindik lan handia geratzen dela genero indarkeriaren orban soziala desagerrarazteko, eta horretarako guztiz ezinbestekoa da Nafarroako Gobernua , desberdintasuna desagerrarazteko, eskoletan, adin txikienekin hasita, Skolae moduko tresna aitzindariekin bideratzen ari den jardunbide erabakigarria”.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua