Prentsa Aretoa

2019/05/06

CEUS sortu da, EAJ-PNV barnean hartzen duen koalizioa eta bere helburua da “Europa birsortzea eta bere sorrerako balioetara itzultzea”

Geroa Bai, Coalición Canaria, Compromiso por Galicia, El Pi-Proposta per les Illes eta Demòcrates Valencians alderdiak dira Europa Solidarioaren aldeko Koalizioa osatzen duten gainerako beste bost alderdiak. Izaskun Bilbao Barandica jeltzalea izango da koalizioaren zerrendaburua

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Bizkaia Aretoan egin da gaur goizean CEUSen aurkezpen ekitaldia (Europa solidarioaren aldeko Koalizioa). Estatuko sei indar politikok osatuko dute, hauen artean EAJ-PNV, eta maiatzaren 26ko Europako Hauteskundeetan aurkeztuko da Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatu andrearen lidergopean. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak aurkezle lanak egin ditu CEUS jende aurrean ezagutarazteko ekitaldian. “Batasun anitza da, baina aldi berean solidarioa eta ideal eta balore europazale sakonak partekatzen dituena. Nazio nortasun askotarikoak ditugun alderdiak gara, hurbiltasun handia eta erabatekoa daukagu gure erkidego historikoekin. Periferia geografikoan eta periferia politikoan kokatuta gaude. Estatu eredu berri bat aldarrikatzen dugu, gure herri eta nazioekin errespetu handiagoa erakutsiko duena eta, aldi berean, Europa birsortzea proposatzen dugu, bere sorrerako baloreetara itzul dadin”, esan du jeltzaleen buruak. CEUSeko hautagai nagusiak, Bilbao Barandica (zerrendaburua), Luis Padilla (Coalición Canaria, 2. zenbakiarekin), Juan Carlos Piñeiro (Compromiso por Galicia, 3. Zenbakiarekin), Daniel Innerarity (Geroa Bai, 4. zenbakiarekin), María del Mar Llaneras (El Pi-Proposta per les Illes, 5. zenbakiarekin) eta Lluis Vicent Bertomeu (Demòcrates Valencians, 8. zenbakiarekin), Bizkaia Arenan izan dira gaur goizean egin den aurkezpen ekitaldian.

“Sei alderdiok partekatzen ditugu ideal eta balore europazaleak, baina ez gaude ados birzentralizazioarekin edo batzuek inposatu nahi diguten Estatu eredu uniformearekin. Bitxia bada ere, batera eta bestera eraman nahi gaituzten horiek dira benetako Europako Batasuna argi eta garbi babesten ez dutenak, Europako herrien eta nazioen etxea eta demokraziaren, justizia sozialaren eta oparotasunaren esparru hori eraikitzea bultzatzen ez dutenak”, esan du Ortuzarrek. “Horixe da guk nahi dugun Europa eta lantalde hau horretan arituko da Izaskun Bilbaoren lidergopean. Berarekin batera arituko dira Estatuko lau puntu kardinaletatik etorri arren, Europaren ideal bat eta batasun baten ideala partekatzen duten emakume eta gizonak. Gure proposamenak benetako ekarpena egiten dio aniztasunean elkartuta bizi nahi duen Europa horri. Munduaren aurrean osotasun bat da eta, aldi berean, bere baitan hartzen ditu herri adierazpen ezberdinak, askotariko nortasunak”.

CEUS-en zerrendaburu Izaskun Bilbao Barandicak bere aldetik nabarmendu duenez, koalizio honek Europaren eraikuntzari eskaintzen dizkio “eraginkortasuna, hurbiltasuna, sentsibilitate soziala eta aniztasuna”, eta azpimarratu du beste alderdiekin eta hiritargoarekin sare lana egin izanak lagundu izan diola “legealdi osoan diputatu aktibo eta eraginkorrenen artean” egoten, kanpoko eragileek eginiko neurketen arabera. Ordezkari jeltzaleak nabarmendu du koalizioa osatzen duten alderdien ezaugarriak direla “hurbiltasuna eta aktibismoa, ordezkatzen ditugun gizarteetan”. Horrek ematen die Bruselara hainbat gai eramateko aukera “gu han egon ezik, inork ez duelako gure izenean egingo”. Bilbao Barandicak era berean azpimarratu duenez “gure jardun politikoaren helburu nagusia pertsonak dira, beren arazoak, beren kezkak eta beren ekarpenak”, eta bokazio hori lotu du CEUSen programak planteatzen duen asmo sozialarekin. Zentzu berean aldarrikatu du “oparotasun iraunkorra sortzeko eta behar bezala banatzeko tresna izango den Batasuna. Pertsonak bazterkeriatik eta txirotasunetik babestuko dituen Batasuna”. Eurodiputatuak amaitzeko nabarmendu duenez “koalizio hau ere bada estatuko alderdi handiei aurre egiteko tresna, uniformitatea saldu nahi dutelako aniztasuna dagoen lekuan eta ahotsa kendu nahi dietelako hiritar asko eta asko ordezkatzen dituzten gizarteei, kulturei, erakundeei eta sentsibilitate politikoei”.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua