Prentsa Aretoa

2019/08/30

Ortuzarrek “sainetetzat” jo du Sánchezen inbestidura prozesua eta “negoziaketa serio, diskretu eta errespetuzkoa” irekitzea eskatu dio jeltzaleen babesa nahi badu

Zarautzen, jeltzaleek urtero egin ohi duten ekitaldian, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak berretsi du EAJ-PNV alderdia PSOEk lideratutako Gobernua babesteko prest egongo litzatekeela: “Hauteskundeak berriro errepikatzea erabateko arduragabekeria izango litzateke”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Atzo, prentsaren bidez jakin genuen Pedro Sánchezek 300 neurri batzen dituen multzo bat aurkeztuko digula eta publikoki egun bat lehenago ezagutaraziko duela. Negoziatzeko modu bitxia benetan. Ez ote litzateke egokiagoa izango publikoki ezer aurkeztu baino lehenago ‘baietza’ eman behar diegunei galdetzea zer pentsatzen dugun eta inbestidurara begira zer nolako akordio nahiko genukeen? Hori izan da beti negoziatzeko eta konpromisoetara iristeko modua. Oraingo honi derrigor itxura hartzen diogu: gustatu zein ez, irentsi beharko duzu eta, bestela, zure errua izango da berriro hauteskundeetara jo behar badugu. Ez. Gauzak ez dira horrelakoak, ez dira horrela egiten. Negoziaketa serioa eta diskretua eskatzen dugu, aurrean dagoenari errespetua erakustekoa”. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Zarauzko malekoian EAJ-PNVk aldi politiko berriari hasiera emateko egin duen ekitaldian batu diren 700 lagunei adierazi die bere alderdiaren ezustea eta haserrea, Pedro Sánchez eta PSOE inbestidurarako bigarren saiakera kudeatzen ari diren moduagatik. Jeltzaleen buruak, hori bai, EAJ-PNVren eskua luzatu du euskal autogobernuaren garapenean sakontzeko eta eskuindarreko hiru alderdiak oposiziora bidali nahiko duen Gobernua ahalbidetuko duen akordioa ixtera begira. Mitin berean hitz egin dute Joseba Egibarrek Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eta Jokin Landak Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidenteak. Beren ondoan, ekitaldian izan dira besteak beste Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria eta Markel Olano, hurrenez hurren; Gipuzkoako Batzar Nagusietako buru Xabier Ezeizabarrena; Arantxa Tapia, Nekane Murga, Cristina Uriarte eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako sailburuak; Aitor Esteban eta Jokin Bildarratz, Kongresuan eta Senatuan Euskal Taldearen bozeramaileak, hurrenez hurren, eta EAJ-PNVko herri eta barne kargudun batzuk, besteak beste Mireia Zarate, EBBren Idazkaria, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko burua, Unai Uhalde Napar Buru Batzarreko presidentea eta Nafarroako Legebiltzarreko presidentea, eta Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarrekoa.

Ortuzarrek deitoratu du Sánchezen inbestidura bihurtu den “sainetea”. “Nik aurten ez dut udako abestirik izan, udako galdera izan dut. ‘Zer, Sánchezek deitu dizu, ala?’”, esan du brometan. “Abuztuaren 2an esan ziguten deituko zigutela eta ordutik hona dei bakar bat ere ez”. Jeltzaleen buruak berretsi du prest egongo litzatekeela Gobernua eratzen laguntzeko “baldin eta politikak eta lege aldaketak aurrera eramateko prest badago urteotan geldituta egon diren hainbat gairen inguruan. Hor egongo da gai sozio-ekonomiko-laborala, munduko ekonomia atzeraldian sartzeko arriskuan dagoela; hor dago Estatu eredua, eta bereziki Euskadi eta Kataluniaren egoera; pentsio sistema; gizarte laguntzak; berdintasun planak; inmigrazioa; klima aldaketa…. Hainbat gai daude aztertzeko eta lantzeko, eta hainbat gauza egiteko. Beraz, zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobeto. Eseri gaitezen, bada, adosteko borondatearekin, hurkoaren proposamenak kontuan hartuz. Amore emanez, adostuz. Beti egin den moduan. Modu bakarra da. Eta hori da egin behar dena baten bat ez badago uste duena hauteskundeak errepikatu behar direla beste dozena bat diputatu aterako dituela uste duelako. Arduragabekeria handia litzateke”. “Deitzen badute, bilerara joango gara. Baina hau guztia ez zaigu oso serio iruditzen”, amaitu du, eta Sánchezi ohartarazi dio EAJ-PNV ez litzatekeela txeke zuri bat emateko prest egongo, inbestiduraren ondoren Ciudadanosekin adostu dezan. “Ez ote da bitxia Riverak eta Arrimadasek ahotsa nola galdu duten?”, galdetu du.

Ortuzarrek era berean salatu du Ezker Abertzaleak gai honen inguruan erakutsi duen moral bikoitza. “G-7ren kontrako ikuskizun partikularra egin zuen egun berean –Pedro Sánchez ere bertan zegoela– Otegi prest zegoen Sánchez presidente egiteko Podemosekin akordio baten bidez. Hori bai koherentzia! Guk sozialistekin adosten badugu, bat egiten dugu 155.arekin, zentralistekin… baina beraiek egitekotan ‘ezkerrekoen alternatiba’ izango litzateke, guztiz legitimoa. Politika likidoa. Likidoa baino, gaseosoa, kea baino ez dutelako saltzen”, kritikatu du. “Uste dut gu garela politika egiteko modu horretan erori ez garen bakarrak. Harrotasun osoz esaten dut. Eta, egun batean bide horretan sartzen garela ikusten baduzue, ken gaitzazue atoan bidetik”, eskatu die bertaratuei.

Jeltzaleen buruak era berean aitortu du aldi politiko berria “bizi” datorrela Euskadin ere, eta iragarri du Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza lanean ari direla dagoeneko urrian Legebiltzarrean aurkeztuko diren Aurrekontuak prestatzeko. “Proba gogorra izango da Jaurlaritzarentzat eta Alderdiarentzat”, aitortu du Ortuzarrek, baina baita “oposizioko taldeentzat ere. Amaitu da joan-etorritan ibiltzeko garaia. Orain jarrera bat hartu behar da. San Inazio egunean esan nuen eta hemen errepikatzen dut: hona hemen gure eskua luzatuta negoziatzeko eta akordioetara iristeko Herriaren eta hiritarren onbeharrez. Ez dugu kutsatu behar Madrilen kritikatzen ditugun amarruekin. Aldundiak eta Udalak eratzeko orduan bezala, Euskadi erreferente izan daiteke akordioetan, elkarrizketa eta kontsentsua Herri gisa aurrera egiteko tresnarik onenak direla erakusteko. Alderdiak deitu nahi ditugu negoziaketa mahai baten inguruan eskertzera. Hona hemen EAJren eskua, guztiei luzatzen dieguna”.

Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, egungo aktualitate politikoaren irakurketa sakona egiten hasi du hitzaldia eta azpimarratu du Euskadiren helburua izan behar dela Estatuan oinarri politiko berriak jartzea. Bestela, ohartarazi du, ezinezkoa izango da gure proiektu politikoa garatzea. “Esaten digute gure proiektu politikoak ez daukala enkajerik Konstituzioan. Orduan zertarako gaude Estatu horretan? Oinarri politiko demokratiko berriak eraiki behar ditugu kataluniar eta galiziarren laguntzarekin, bai eta Estatuan dauden demokrata guztien laguntzarekin ere”, ondorioztatu du.

Egibarrek nabarmendu du beharrezkoa dela Euskadik bere bidea egitea, “karga bat besterik ez delako guretzat”. Gobernua osatzeko dituzten arazoak eta Estatuak dituen defizit eta zorra aipatu ditu horren adibide  bezala. Eta, horren aurrean, Euskadik bere bidea egiten jarraitu behar duela ondorioztatu du.  Aurrera atera nahi badugu, Euskal Estatuan amestetik, aldarrikatzera pasatu behar dugula iradoki du: “Estatu bezala pentsatu eta ekin behar dugu aurrera ateratzeko”.

Kataluniako egoera ere izan du hizpide, kartzelan dauden politikariei babesa adierazi eta bizi duten “injustizia” salatzeko. “Beraien bekatua herriari hitza ematea izan zen. Herritarrei hitza ematea erabaki zezaten Kataluniaren etorkizuna”, adierazi du. Egoera honek Euskadiri zer ikasi eman diola azaldu du, “erabakitzeko eskubidearen marra gorriak” ezarri dituelako Estatuak 155 artikuluaren bidez.

Altsasuko gazteei ere erreferentzia egin die GBBko presidenteak.  “Beste leku batean, beste polizia batekin kalean izango lirateke, baina Guardia Zibilarekin talka egin zuten eta 1.000 egun daramatzate kartzelan”, ekarri du gogora askatuak izan daitezela eskatzeko.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua