Prentsa Aretoa

2019/12/19

Javi Ollo: "Elkarrekin bizitzen dakien herri bat gara, elkarlanean eta elkarri laguntzen, gure familien eta ondorengo belaunaldien mesederako"

Javi Ollo ez da gehiengo nagusiagatik harropuzten den horietakoa. Argi baino argiago dauka zer den askotariko sentsibilitate eta pentsamoldeak dituzten herritarrak bere alde bozkatzera eraman dituena. Altsasu oso herri anitza da. Legealdi honetan denen ekarpenak jaso nahi ditu obsesio nagusi bihurtu zaion gauza baten alde: mendebaldeko Sakanan enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa egon dadila.

rss Ezagutzera eman
Javi Ollo:

ARGAZKIA JAITSI

Nola baloratuko zenuke gaur egungo egoera sozial eta ekonomikoa alkatetzara iritsi zinenekoarekin alderatuta?

Ikuspuntu ekonomikotik aztertuta, krisialdi ekonomikoaren urte gogorrenak atzean geratu dira. Krisia hona beranduago iritsi zen,baina gogor jo zuen hainbat enpresa nagusiren kontra eta, beraz, mendebaldeko Sananako enpleguaren kontra ere bai. Azken urteotan, langabeziak behera egin du, ez guk nahiko genukeen bezainbeste, baina une honetan daukagun erronka nagusienetako bat da Altsasun industriarako lurzorua prestatzea, eta, horretarako, harremanetan jarri gara Nafarroako Gobernuarekin.

Altsasuk hiru industrialde ditu (bi dira sustapen publikokoak eta bat pribatukoa, eta biak daude bete-beteta, saturatuta), baina egia da azken aldian etorri diren enpresa berriak lehenagotik zeuden nabeetan jarri direla eta arazo argi bat dago, industriarako lurzorua behar da.

Industria-lurzorua falta dela ikusita, Foru Gobernuak ezer egin du?

Bai, Sakanan buru belarri aritu dira. Nafarroako aurreko Gobernua bereziki aritu zen ekialdeko Sakanan, Irurtzun aldean. Guk une honetan eskaria aurkeztu dugu ahalegina mendebaldeko Sakanan egin dezatela eskatzeko, gaur egungo egoera sozio-ekonomikoa ikusita.

Eta, mendebaldeko Sakanaren barruan, nik espero dudana da ahalegin bereziak Altsasun egitea, bere kokapenagatik eta eskualde mailan komunikazio gunea delako. Toki bat aukeratu dugu jada, bertan industria-lurzorua jartzeko, eta orain geratzen dena da Nasuvinsa-rekin akordio bat izenpetzea industria-lurzoru hori prestatzera begira. Ni baikor nago gai horrekin.

Enpresa berririk instalatu da?

Bai, enpresa berriren bat etorri da Sakanara  azken urte honetan, berrikitan Altsasuko industrialde batera. Lehen esan dudan moduan, legealdi honetako helburu nagusia izango da industria-lurzorua lortzea, gero eta  enpresa gehiago etor daitezen.

Udal kudeaketa arloan, zein dira zedarri nagusiak?

2019a, hauteskundeak izan ditugun arren, ez  da inflexio puntu bat izan. Alkatea aldatzen ez denean kudeaketa lanak jarraipena dauka eta lehenago zegoen guztiak jarraitzen du.

Aurrekontuetan aurreikusitako jarduerak ondo garatu ditugu. Urtero  planteatzen dugu inbertsio multzo handi bat, kutxako soberakin handia daukagulako. Ez da erraza zedarri zehatz bat nabarmentzea, asko dira.

Zail egiten al da lan erritmoari eustea, gehiengo nagusia izan arren?

Egoera ezberdina da, argi eta garbi gehiengo nagusiak lasaitasuna ematen dizu aurrekontuak onartzeko orduan,baina horrek ez du esan nahi besteen gainetik egin behar dugunik. Denontzat gobernatu behar da, argi daukat halako emaitza  errepikatzea oso zaila izango dela Altsasun.

Kudeaketa lana errazagoa da, baina aldi berean, erantzukizun handiagoa daukazu erabaki bat hartu behar duzunean. Ez da gauza bera 5 talde izatea eta zinegotziak banatzea edo zenak zure ardurapean izatea. Egia da EH Bilduri Batzordeetako presidentetzak eskaini genizkiola eta beraiek ez zituztela onartu. Erantzukizun handiko karguak Geroa Baik ditu eta, argi eta garbi esango dut, are erantzukizun handiagoa da. Kudeaketa lanaren ardura guztia da eta horrek ez du lasai egoteko aukera handirik ematen.

Horrek esan nahi du EH Bildu oposizioan dagoela. Nolakoa da beraiekin daukazuen harremana?

Ez da ematen bi alderdi dauden udaletan eman ohi den krispazioa. Eta Nafarroan leku batzuetan harremana oso gogorra da. Hemen ez, harremana oro har ona da, adeitsua. Izan ere, orain  EH Bildurekin negoziatuko ditugu aurrekontuak, ez dugu besteen gainetik egin nahi. Zuzenketak aurkeztuko dira eta negoziatuko dira, borondate onarekin, beti egin den moduan.

Jabetzen gara Altsasu oso herri anitza dela, eta hori argi baino argiago ikusten dugu hauteskundeak egiten diren bakoitzean. Askotariko sentsibilitateak eta irizpideak dituzten pertsonen botoa batu dugu.

Nola baloratuko zenuke Nafarroako oraingo Gobernuarekin daukazuen harremana?

Harremana ona da, oraingoarekin eta aurrekoarekin. Harreman handiagoa daukagu Geroa Bairen eskuetan dauden  sailekin,normala denez , harremana izan dugu  alderdi sozio-ekonomikoan industria-lurzoru berria prestatzeko, baina  duela gutxi bilera bat egin genuen alkateekin,bigarren presidenteordearekin eta Presidente andrearekin, eta ondo joan zen. María Chiviteren aldetik ere tratua ona izan zen.

Gaia aldatzeko, zer deritzozu Auzitegi Gorenak `Altsasu auzian´ eman duen epaiari?

Desproportzioa  egon da eta dago, horrela da. Badakit  hitz hori gai honetan oso erabilia dela, baina Zuzenbide alorrean proportzionaltasun printzipioak dio zigorrak kaltearen araberakoak izango direla. Eta denok ikusi dugu kasu honetan ez dela horrela gertatu.

Ematen du gazte biri hirugarren gradua emango dietela …

Bai, ematen du hirugarren gradua eman dietela Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari, eta aste honetan bertan Zaballatik irten ahal izango direla. Albiste ona,zalantzarik gabe.

Auzi honek elkarbizitza finkatu du herrian?

Elkarbizitza, gure herrian, ona da, sentsibilitate ezberdina dugun pertsonekin bizitzen ikasi dugu, eta hori oso ariketa demokratiko ona da. Herri gisa, oso minduta sentitu gara kanpora begira proiektatu den irudiarekin. Gu ez gara herri bortitza, askotariko pertsonak bizi gara eta elkarrekin bizitzen dakigu, elkarrekin lan egiten eta elkarri laguntzen, gure familien eta ondorengo belaunaldien mesederako.       

Esadazu laster hasiko dugun 2020rako gurari bat.

Lehen galderetan hitz egin dugu industriaz eta enpleguaz. Horretara dago bideratuta nire guraria. Mendebaldeko Sakana osoan enplegu tasa hobetu den arren, egia ere bada oraindik lan handia geratzen zaigula egiteko. Nire desioa da enplegu gehiago izan ditzagula, eta ez edonolakoa. Kalitatezko enplegua nahi dut Altsasuko herrikideentzat. Hori da nire desioa: kalitatezko enplegu gehiago Altsasun 2020 urtean eta ondorengoetan.

 

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua