Prentsa Aretoa
2020/10/15
Andoni Serrano: “ Oso zorionekoa naiz etxean babes handia jaso dudalako, hori gabe oso zail egingo litzaidake bizitza pertsonala, lana eta politika uztartzea”
Oso gogoko du bere aisialdian kirola praktikatzea, egunean zehar orduak ematen ditu musika entzuten, askotarikoa; biziki apreziatzen du antzerkia, eta gaur egun buru belarri murgilduta dago Segurtasun Pribatuko Zuzendaritza titulua ateratzeko ekinean. Andoni Serrano Zabalza da, EAJko alderdikide eta Zizur Nagusiko Geroa baiko zinegotzi da 32 urterekin.
Politikagintzan sartu zen Jon Gondánen eskutik, Ardoiko Auzokideen Elkartea eratu ondoren. Handik hilabete batzuetara Jonek deitu zion eta 2015ean Geroa Baik Zizurko Udalerako zerrendetarako fitxatu zuen. “Alkatetza lortu genuen eta legealdi hartan Hirigintza Zinegotzia izan nintzen. Bigarren legealdi honetan,ordea, Presidentetza, Funtzio Publikoa eta Hiritarren Segurtasun Zinegotzia naiz, hasierako ilusio berberarekin”, azaldu du Serranok.
EAJ-PNVn alderdikidetzeaz esan duenez “Geroa Bain sartu eta urte betera, EAJ-PNVn sartu nintzen horren ibilbide luzea egin duen alderdiak erreferente izaten jarraitzen duelako, eta uste dut alderdi honetan topatu dudala neure lekua”.
Bigarren legealdia da zuretzat Zizur Nagusiko zinegotzi gisa. Udaleko lana astun egiten zaizu? Zer moduz daramazu?
Zalantzarik gabe, halako erantzukizunak zama handiak dira eta, gainera, kaleko edozein herritar baino ageriago zaude, baina nahiko ondo daramat, bi arrazoirengatik nagusiki:
Batetik,oso gustuko ditut egiten dudan lana eta norekin egiten dudan. Udal taldea oso kohesionatuta dago eta lau zinegotziok ederto batean lan egiten dugu elkarrekin.
Halaber, oso zorionekoa izan naiz eta naiz etxean babes handia jaso dudalako. Babes hori gabe oso zail egingo litzaidake bizitza pertsonala, lana eta politika uztartzea, eta adibide berbera jartzen dut beti: Alderdi Egunetara hirurok joateak, neu bakarrik joan beharrik gabe, asko laguntzen dit politikagintzaren berezko desgastea eramaten.
Presidentetza, Funtzio Publiko eta Hiritarren Segurtasun Zinegotzia. Zer esparru egiten zaizu erakargarrien eguneroko lanean? Zergatik?
Bakoitzak dauka berea. Funtzio Publikoaz esango nuke administrazio elektronikoa garrantzitsua dela. Gaur egun Erdi Aroan jarraitzen du eta pandemian argi baino argiago geratu da behar-beharrezkoa dela. Gaur egun izapideak egiteko ez litzateke dagokion administraziora joatea beharrezkoa izan behar. Eskuko telefonotik egiteko aukera eman beharko litzateke.
Hiritarren Segurtasunetik erakargarriena da hiritargoak gehien behar duenean gure agenteak prest eta laguntzeko moduan egon daitezela. Udaltzaingoaz esaten dut “poliziarik saltseroena” dela edozein larrialditan arinenak direlako eta ezinbesteko gertatzen direlako. Halaber, Lehen Laguntzan dituzten ezagupenei esker, bizitza asko salbatu dira gure udaltzainei esker.
Urak nahasita datoz Udal Gobernuan. Zer gertatu zen AS Zizur kanpoan uzteko?
Bi gai nagusi, alde batetik idazkariaren lanpostuan euskararen ezagutzaren derrigortasuna baliatu zela alkatearen kontra egiteko. Halako jarrerak ezin ditugu inola ere onartu, ez bakarrik Gobernu Akordioa urratzen duelako baizik eta euskara derrigorrez babestu eta zaindu beharreko ondarea delako, eta bere erabilera sustatu behar dugu gure herriaren kultur ondarea den heinean.
Beste aldetik, alderdi pertsonalean egin den erasoagatik. Ezer baino lehenago, pertsonak gara. Eta pertsonari zor zaion errespetua zaintzen ez bada, Udal Bilkuretan mezu pribatuak ateratzen hasten direnean, halako jarrerek erakusten dute baten bat iparra galduta dabilela, eta uste dut hiritargoak ez duela merezi iparra galdu duten agintariak izatea, are gutxiago gaur egun bizi ditugun garaiotan.
Egoera berriak derrigortu zaituztete PSNrekin kontatzera aldaketarako eragile aktibo gisa. Gobernantza ahalbidetuko zutela esan zuten, hala izaten ari da?
Oraingoz bai. Oso bitxia da AS Zizurrek idazkariaren lanpostuan euskararen derrigortasunari buruzko mozioa bigarrenez aurkeztu zuelako (ez zuen aurrera egin), eta PSNk beti izan du inflexio puntu bat gai honen inguruan. Abstentzioa bozkatu zuten eta PPko zinegotzia ez zen Osoko Bilkurara joan. PSNk abstentzioa bozkatu zuen argi ikusi zuelako arrazoia ez zela euskara, baizik eta gure taldea ahultzea, bereziki alkatea. PNSk esan zuen ez zuela hori onartuko.Ikusiko dugu legealdiak zer bide hartzen duen, baina momentuz Gobernu Talde egonkorra daukagu eta solaskidetzarako prest dago PSNrekin ez ezik Udal Talde guztiekin ere.
Osoko bilkurak lehen baino tirabiratsuagoak dira orain?
Askoz gehiago, baina ez orain baizik eta legealdia hasi zenetik. Navarra Suma erradikalizatu egin da aurreko Legealdian UPNk izan zuen jarrerarekin alderatuta, eta horrek ezinezko egin du talde honekin negoziatzea. Anekdota bat izan zen NA+ taldeko zinegotzi batek, María Jesus Nietok, iraileko bilkuran atsedenaldi batean mikrofonoa itzalita zegoela pentsatzean José Ruizez (PSN) esan zuenean “kabroia” zela. Josek ere txantxetan hartu zuen baina giroa nahasi dago.
Gaia aldatuko dugu, urteotan egin duzun udal lanetik zerk eragiten dizu harrotasun handiagoa?
Aurreko legealdian, Hirigintza sailetik lortu genuen Ardoi urbanizaziora merkatal zentro bat etortzea. Orubea udalarena da eta jaso diren onurak dira errentamendua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta beste zerga batzuk, Zizurko herritarrentzat sortu diren lanpostuez gain. Batzordean eta Osoko Bilkuran UPNk gure kontura barre egiten zuen halakor gauza bat proposatzeagatik, baina nik esaten nuen “jo eta ke” arituko ginela lortu arte, eta horra hor emaitza.
Geroa Bairen eta zure lanetik zer mugarri nabarmenduko zenituzke aurreko legealdian eta oraingoan?
- Ardoi urbanizazioan merkataritzari eman zaion bultzada.
- Ardoiko Osasun Zentroa. Ordura arte pentsaezina zena, gure legebiltzar taldeari esker lortu dena.
- Kirol Instalazioen erreforma eta handitze lanak. Udalak azken hamarkadan egin duen lan zibil handiena izan da.
- Ardoiko gune sozio-deportiboa sortu izana.
- Ramon Esparza Enparantzaren berrurbanizazioa. Izena ere aldatu genuen. Aurrekoa frankisten aldeko abade batena izan zen eta orain bere izena da Nafarroako Foruen Plaza (UPNk kontra bozkatu zuen). Gainera, udaletxe zaharraren erreforma integrala egin genuen eta enpresak sortzeko gune bihurtu genuen. Plaza hau, udalerriko esanguratsuena, oso egoera txarrean zegoen eta nik behintzat uste dut bere alde zaharra zaintzen ez duen herri batek bere nortasuna galtzera irits daitekeela.
Zer izan da Zizur Nagusian zinegotzi gisa bizi izan duzun gogorrena?
Itxialdian larriena izan zen bizi genuen inpotentzia eta bakardadea. Goragoko erakundeei deitu arren inork ere ez zigun erantzuten. Beste alde batetik eta Hiritarren Segurtasuneko arduradun gisa eta Udaltzaingoa poliziarik hurbilena izanik, segurtasuna transmititzea zegokigun pandemiaz horren gutxi jakin arren. Gobernuko ordezkaritzarekin ere desadostasunak izan genituen umeak zoriontzera joaten ginelako beren portaletara eta diploma bat ematen genielako, eta ordezkaritzak esaten zuen hori ez zela poliziaren eginkizuna. Baina niretzat Udaltzaingoa ere bada halako gauzak egiteko gai den polizia. Poliziaren alderdirik hunkigarriena izan zen itxialdian.
Horregatik, sare sozialetan #gurepolizia #gureudaltzainak traolak erabili ohi ditut, gure inguruan den-dena desagertu zenean Zizurko udaltzaingoa ez zelako desagertu eta egoerak eskatzen zuen lekuan egoten jakin zuelako Udaltzainburuarekin eta nirekin, Hiritarren Segurtasuneko arduradun gisa.
Ardoik duela gutxira arte ez zeukan ezer. Ezer ere ez. Orain gasolindegi bat, Burger King, eta Eroski dauzka, bai eta dendariak, ostalariak ere . Osasun Zentroa martxan dago (Geroa Bairen lanari esker); oraindik lana badago, baina esan genezake auzoa itxura hartzen hasia dela… baikorra al zara?
Oso. Eta uste dut epe ertainean are garapen komertzial eta ekonomiko handiagoa ikusiko dugula gure herrian. Arlo enpresarialera sartu diren ausartek egin dute dagoeneko eta ondoren beste batzuk etorriko dira. Zalantzarik ez dut lankide ditudan Ales Mimentzak (Hirigintza) eta Jon Gondánek (Ekonomiaren Garapena) lortu egingo dutela.
Iruñeko sarrera eta irteera gara, komunikazio onak ditugu (A-12 eta AP-15), gure potentzial komertzialak osorik garatu gabe dago oraindik. Lanean jarraituko dugu jo eta ke egoera hau zuzendu arte.
Nabarmenak...
Nafarroa
2024/10/09
Nafarroa
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Nafarroa
2024/09/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09
EBB
2023/04/06
Europako Legebiltzarra
2024/05/22