Prentsa Aretoa

2022/01/17

EAJ-PNVk Nafarroako gizartearekin hitzemanda daukan konpromisoa berretsi du Aitor Estebanek: “Foru Komunitateak EAJ-PNV du ordezkari”

Mikel Irujo Foru Kontseilaria eta NBBren bozeramaile María Solana ondoan izan dituela, Estebanek gaur goizean bisitatu ditu Zangotzan Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala eta Atenea Mikrosare proiektua, Euskal Taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei eginiko zuzenketaren ondorioz abian jarri dena.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Nafarroako gizartearekin hitzemanda daukan konpromisoa berretsi du Aitor Estebanek: “Foru Komunitateak EAJ-PNV du ordezkari”

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur azpimarratu du EAJ-PNVk Nafarroarekin eta Nafarroako hiritargoarekin hitzemanda daukan konpromisoa. Gaur goizean Napar Buru Batzarraren egoitzan egin den prentsaurrekoan, María Solana bozeramailea ondoan izan duela, Estebanek baieztatu du  Nafarroako EAJ-PNVk Madrilen ordezkaritza bereizi eta zuzena izan ez arren. “Nafarroak EAJ-PNV du ordezkari”. “Nafarrek argi izan dezatela Gorteetako Euskal Taldeak, EAJ-PNVk, gogoan izango duela Nafarroa”, berretsi du Estebanek Euzko Alderdi Jeltzaleak Foru Komunitatean “ehun urteko historia” duela azpimarratu ondoren.

Prentsaurreko hau egin da gaur Aitor Estebanek, Mikel Irujo EAJ-PNVko Kontseilari nafarrak eta María Solana Nafarroako parlamentariak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalera (CENER) egin duten bisitaren kariaz. Hain zuzen ere, Esteban, Irujo eta Solanak aukera izan dute gaur lehen eskutik ezagutzeko Atenea Mikrosare proiektua, Euskal Taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei eginiko zuzenketa baten ondorioz bideratu ahal izan dena.

Estebanen hitzetan, energia eta digitalizazioa “etorkizunerako apustu estrategikoak” dira, eta CENER eta IRIS LAB zentroak Estatuko inbertsioak jasotzen ari dira  EAJ-PNVk Madrilen bideratutako negoziaketei esker. Zentro bi horiek, Estebanen esanetan, esparru bi horien “ordezkari perfektu” dira. IRIS LAB-en kasuan, Estebanek gogora ekarri du 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan 5 milioi euro lortu direla digitalizazioaren esparruan “aitzindari” izan ahal izateko. Proiektu horiekin batera, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri ditu Euskal Taldeak Nafarroako Foru Komunitatearen mesedetan bultzatu dituen hainbat ekimen, besteak beste automozio esparruan garatutakoak, Unibertsitateko Prestakuntza Duala,Ezkabako gotorlekua desmilitarizatzeko ekimena eta Amaiurko proiektua “gure historiaren parte bat berreskuratzera begira”. Testuinguru berean  Esteban “harrituta” agertu da Trafiko eskumena ez delako oraindik Nafarroako erakundeen ardurapean jarri. “Ezin da ulertu  oraindik eman gabe jarraitzea”, deitoratu du. Hala, Esteban kritiko agertu da “forutasuna hitzetik hortzera darabiltenekin” baina ,hala ere, “forutasun hori zehazteko edo garatzeko zirkinik ere egiten ez dutenekin”. Horren aurrean baieztatu du EAJ-PNVri dagokion aldetik “Nafarroaz arduratzen gara eta gure hondar aletxoa jartzen saiatzen gara”, esandako inbertsio eta ekimenek erakusten duten bezala.

NBBren bozeramaile eta foru parlamentari andre María Solanak bere aldetik berretsi duenez “EAJ-PNVk Nafarroako interesak defendatzen ditu ordezkaritza duen toki guztietan. Interes orokorra defendatzen dugu adostasuna oinarri eta akordioen bidez, Madrilen eta Nafarroan”.

Beste gai batzuk jorratuz, eta kazetariek egin dizkioten galderei erantzunek, Aitor Estebanek berretsi du Gobernuak onartu nahi duen Lan Erreforman autonomietako hitzarmenak lehenestea dela EAJ-PNVrentzat “guztiz funtsezkoa”.“Oinarria eginda dago, akordioa portzentaje zabal batean eginda dago, baina aldarazpen txiki batzuk guztiz onargarriak dira, ez dute hitzarmenaren muina apurtzen eta aurrera egin beharko lukete, eta  horrela ez bada, ezin dute esan ohartarazi ez zaienik. Onean eta txarrean esan  diegu”, nabarmendu du.

Halaber, bozeramaile jeltzalea kritiko agertu da BGDSren kudeaketa Euskadiko erakundeei transferitzeko prozesua  berandututa dagoelako. “Haserretzeko moduko zerbait da erabat itxita dauden akordioak, logikoak direnak, ordenamendu juridikoarekin ados daudenak, aurrera ez eramatea; gauzak, azken finean, bete gabe uztea”, esan du.

Amaitzeko, eta Espainiako gobernuak iragan astean onartu zuen Urteko Plan Arautzailea aztertu ondoren, Esteban “kezkatuta” agertu da agiri horretan proposatzen diren lege batzuekin, besteak beste Ikus-entzunezkoen Legea, Etxebizitzaren Legea edo Segurantza Sozialari buruzko legeak, esparru horietan Estatuak eskuduntzarik ez duelako. “Ez dakit nik hori dena nola garatuko den, baina urteak aurrera egin ahala eta lege horien eztabaidaren arabera, gauzak zaildu egin daitezke”, ohartarazi du.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua