Prentsa Aretoa
2022/02/03
Nazien kontzentrazio-esparruetan preso egondako Alejandro Elizalde erresistente nafarraren heriotzaren 75. urteurrena
Irujo Etxea elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak hitzaldi bat eta Elizalderen oroimenezko argitalpen baten edizioa antolatu dituzte berriro, joan den abenduan geroratu baitziren euriteen ondorioz. Ekitaldia otsailaren 10ean, ostegunarekin, izango da, Elizondoko kultura-etxean, 19:00etatik aurrera.
Etxahun Galparsoro historialari eta Lazkaoko beneditarren dokumentazio-zentroko artxibozainak emango du hitzaldia.
Alejandro Elizalde ELA eta EAJko militantea 1946ko azaroaren 23an hil zen Kanbon. Elizondon jaio zen, 1894ko otsailaren 9an, Ekonomia ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta Donostiara joan zen bizitzera ikasketak amaitu ondoren. Errepublika iritsi zenerako, ELAko eta EAJko militantea zen eta Gerra Zibila hasi zenean, jeltzaleek osaturiko Azpeitiko Defentsa Batzordean aritu zen. Gipuzkoa galdu ondoren, Bilbora joan zen eta Euskadi autonomoa frankisten esku geratu zenean, Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko presoen askapenean parte hartu zuen.
Iparraldera erbesteratu zen eta jeltzaleen Donibane Lohizuneko bulegoan lan egin zuen. Orduan, Frantziako zerbitzu sekretuekiko harremanetan hasi zen, eta espioi frankistak neutralizatzen lagundu zien.
Okupazioaren ostean ere ez zen geldirik egon. Comète sarearekin jarri zen harremanetan, eta, aipatutako sare horren laguntzaz, mugara iristen ziren eraitsitako hegazkinlari aliatuei muga zeharkatzen lagundu ohi zien.
1943ko uztailaren 13an, Gestapok atxilotu zuen komunista zela egotzita, eta abuztuaren 10ean Fresnesko espetxean zegoen. Orduan hasi zen Elizalderen bidaia Frantziako kartzela eta nazien kontzentrazio-esparruetatik zehar: Rominville, Compiègne, berriro Fresnes, Mauthausen, Melk-eko Quarz eta Ebensee.
1945eko maiatzaren 6an, soldadu aliatuek askatu zuten, baina ordurako oso makal zebilen. 1946an, medikuek tuberkulosia diagnostikatu zioten eta Kanboko erietxe batera eraman zuten urriaren 23an, bertan sendatzeko. Hala ere, ospitaleratu eta hilabetera hil zen tuberkulosiak jota, nazien kontzentrazio-esparruetan pairatutakoen zioz guztiz ahulduta zegoela.
Memoria historikoa Irujo Etxea Elkartearen eta Sabino Arana Fundazioaren elkarlaneko jardueraren oinarrietako bat da. Hori dela eta, Baztango jeltzale eta erresistentearen heriotzaren 75. urteurrenean, erakunde biek hitzaldi bat antolatu eta hitzaldi horren testua argitaratu eta ostegunean, otsailaren 10ean, banatu da Elizondoko kultura etxean 19:00etatik aurrera Elizalderi egin zaion omenaldian.
Etxahun Galparsorok, Euskal Herriko historia garaikidean espezializatutako erakundea den Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren (LBF) dokumentazio-zentroko historialari eta artxibozainak, emango du hitzaldia. Marcelino Bilbaoren (Bilbo, Mauthausen, Kritika, 2020) oroitzapenak idatzi ondoren, Hirugarren Reich-eko kontzentrazio-esparruetara egindako errepublikazaleen deportazioak ikertu ditu eta gai hori jorratuko du lantzen ari den doktoretza-tesian.
Nabarmenak...
Nafarroa
2024/10/09
Nafarroa
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Nafarroa
2024/09/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09
EBB
2023/04/06
Europako Legebiltzarra
2024/05/22