Prentsa Aretoa

2022/07/01

Melillako gertakariak ikertzea eta gizalegezko irtenbide partekatuak bideratzea eskatu du Izaskun Bilbaok

Izaskun Bilbao Barandicak gaur eskatu du Melillako gertakariei buruzko ikerketa sakona egitea, Marokoko segurtasun kidegoen jardunaz gain hesiaren alde honetan esku hartu zuten estatuko kidegoen jarduna ikertzeko, “ezinbestekoa baita hangoek ulertzea inpunitate-gunea ez dela eta ez dela zilegi edozer egitea”

rss Ezagutzera eman
Melillako gertakariak ikertzea eta gizalegezko irtenbide partekatuak bideratzea eskatu du Izaskun Bilbaok

ARGAZKIA JAITSI

Horrez gain animatu du informazioa indartzera halako egoerak saihesteko, lurralde hartan laguntza humanitarioa lehenestea eta gaitzespenen ordez elkarlana bideratzea gizalegezko irtenbide partekatuak eskatzen dituen arazoa epe ertainean konpontzera begira.

Europako Parlamentuko euskal diputatuak adierazpen hauek egin ditu gaur Herri Irratiaren “kanpoko gaiak” irratsaioan. Melillan azken egunotan gertatu den ezbeharraz galdetuta eta oraindik hildakoen kopurua zehaztu ez den arren, Izaskun Bilbao Barandicak argi eta garbi kritikatu du Marokoko kidegoen jarduna, eta nabarmendu du hesiaren beste aldean polizia nazionalaren eta guardia zibilaren jokaerak ere ez dituela betetzen kasuan aplikagarri diren estatuko edo nazioarteko arauak . Baina, aldi berean aitortu du halako gertakariei aurre egin beharrak dakarren zailtasuna, prebentzioarekin eta informazioarekin baino ezin baitira saihestu. “Betikoak egiten jarraitzen badugu, betiko ondorioak jasoko ditugu”, deitoratu du Izaskun Bilbao Barandicak.

Egoera gainditzeko, Euro Ganberako ordezkari jeltzaleak “eskuin muturrari baino mesede egiten ez dioten demagogia eta borroka giroa bertan behera uztea” eskatu du, eta jendeari egia esaten hastea. “Aurrekaririk ez duen krisia bizi dugu. Afrikako estatu askok Ukrainatik eta Errusiatik inportatzen dute kontsumitzen duten laborearen %60. Kontinentean bizi diren gatazkez gain, klima aldaketaren ondorioei,dagoeneko agerian daudenei eta Afrikako produkzioari eragiten diotenei,gehitzen zaizkie orain Ukrainako inbasioaren ondorioak. Gosete handi bat gertatzeko arrisku bizia dago orain, biztanleriaren mugimendu masiboak eragingo dituena. Zentzudun izan daitekeen inork ez du pentsatuko arazo global hau, konponbide globalak behar dituena, gobernu batek konponduko duenik, edozein kolorekoa dela. Hesi handiagoek, ejertzitoak eta goseak hilik dauden pertsonak ez onartzen jarraitzeak behintzat ez dute arazoa konponduko”.

Euskal diputatuak deitoratu du egunotan oso gutxi hitz egin dela otsailaren 17an eta 18an Europako Batasunaren eta Afrikako Batasunaren artean egin zen seigarren gailurraren emaitzez. “2030erako ikuskera komun bat” izenburupean lankidetza bideratzeko estrategia sendo bat planteatzen du arazo hau konpontzeko. “Africa, esan du euskal diputatuak, beraiekiko harremanek sortzen duten balore katearen katebegirik ahulena da oraindik. Gure iragan kolonialaren ondoriorik latzena da Afrikarentzat. Kontinentea egonkortzeko eta harreman komertzial eta ekonomiko bidezkoagoak ahalbidetzeko plana da, galtzeko ezer ez dutelako beren herrialdetik ihesi doazen pertsonei itxaropena itzultzeko bide bakarra. Bide hau lantzen ari garen bitartean, ezinbestekoa da lurralde hartan bertan laguntza humanitarioa zabaltzea, ezbehar gehiago saihesteko”.

Horregatik animatu du eztabaidaren tonua aldatzera eta esfortzua egitea eskatu du “epe ertain eta luzerako helburu hauen alde elkarlana egiteko eta demagogia bertan behera uzteko. Ez dezagun gai hau erabili borroka politikorako. Sánchez ez da ez arrazista ez supremazista, baina Feijóo ere ez da. Batak zein besteak hutsegiteak egin ditzakete, baina zalantzarik ez dut halako gertakariak gaitzesten dituztela eta saihesten saiatzen direla. Orain gobernuan daudenak oposiziotik jasotzen duten gaitzespenarekin kexatzen direnean kontzientzia azterketa serioa egin beharko lukete eta aitortu beharko lukete beste aldean egongo balira, beste koloreko gobernuari kritika berberak egingo zizkiotela, edo gogorragoak. Gaitzespen-dantza honek ez du ezertarako balio ez badugu oinarritzat hartzen denok funtsezko balore batzuk partekatzen ditugula eta horiek aplikatu behar ditugula, denon artean arazo hau konpontzen saiatzeko”.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua