Prentsa Aretoa
2022/09/25
“Ez Sánchez ez Feijóo: EAJk alde bat besterik ez du, Ebro ibaiaren iparraldean dago eta Euskadi deitzen da”, aldarrikatu du Ortuzarrek Forondan
EBBren presidenteak, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Bea Berlanga EGIkideak hitz egin dute gaur talde jeltzalearen jai nagusian. Gaur 46. Alderdi Eguna egin da eta bere betiko izaera jendetsua berreskuratu du jai giroan
2022.09.25_Alderdi Eguna_ Andoni Ortuzar
HITZALDIA - 2022/09/252022.09.25_Alderdi Eguna_Iñigo Urkullu
HITZALDIA - 2022/09/25
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“San Inazio Egunean eta Zarautzen argi baino argiago adierazi genuen Pedro Sánchezen Gobernuaren aurrean zer jarrera daukagun, eta gaur berretsi egiten dugu jarrera hori. Borondate politikoa falta da. Konpromiso askok jarraitzen dute bete gabe, denborak aurrera egiten du eta emandako hitza bete behar da, guk Kongresuan eta Senatuan bozkatzen dugun bakoitzean egiten dugun bezala. Eta, tamaina horretan utziko dut, interpretazio edo elukubrazio gehiago egin ez daitezen. Espainiako politika bi bloke antagonistetan zatituta dago, apur bat ozenago hitz egiten baduzu, beti agertzen da beste alderdira joaten hasi zarela esaten duenik. Bada, argi baino argiago gera dadila EAJk alde bakarra duela: Ebro ibaiaren iparraldean dago eta Euskadi deitzen da. Ez Sánchez ez Feijóo: Euskadi eta Euskadi besterik ez”. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek txalo zaparrada beroa atera die gaur, euripean eta hotzari aurre eginez Forondara 46. Alderdi Eguna ospatzera joan diren milaka alderdikide eta alderdizaleei. Jai hau formatu murriztuan egin behar izan zen 2020an eta 2021ean pandemiaren ondorioz ezarri behar izan ziren murrizketengatik, baina gaur goizean bere ohiko formatua berreskuratu du, berriro ere jai jendetsu eta alaia izanez. Ortuzarrek eman dio amaiera Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bea Berlanga EGIkidea ere hizlari izan dituen ekitaldi politikoari. Hitza hartu duenean, Urkulluk baieztatu du Euskadi prest dagoela hemendik aurrera planteatuko diren erronkei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko gainerako erakundeekin daukan elkarlan giro emankorrari esker. Kolaborazio horren fruitu dira, esaterako, elikagaien eta energiaren prezioen igoera arintzeko hartuko diren neurriak. “Aurrera egingo dugu elkarrekin lan egiten badugu”, baieztatu du Lehendakariak.
Agintarien ohiko desfilearen ondoren eta ‘Eusko Abendaren Ereserkia’ himnoa abesten zen bitartean Ikurrina jaso ondoren, minutu bateko isilunea egin da Covid-19aren pandemian zendu diren pertsona guztiak gogoratuz. Alderdi Egunera etorri dira Katalunia, Kanariar irlak, Galiza, Illes Balears, Flandria, Bretainia, Okzitania, Frantzia, Txile, Szekler, Georgia, Kosovo, Angola eta Biokoko ordezkari eta lagunak. Halaber,Ukrainako bandera bat agertu da Forondako pantaila erraldoian eta Ortuzarren hitz batzuen bidez adierazi da EAJ-PNVk Errusiak inbaditu duen nazioarekin aldarrikatzen duen elkartasuna.
Ortuzarrek bere hitzaldia hasi du EAJ-PNVko alderdikide eta alderdizaleei bere esker onik beroena adieraziz, eguraldi kaxkarrarekin ere eta bi urtetan betiko Alderdi Eguna egin gabe egon ondoren Forondako hitzordua galdu ez dutelako. “Mila esker beti hor egoteagatik, oztopoak oztopo, aurrera egiteko behar dugun indarra emateagatik. Orain etengabe ari gara energiaz eta horniduraz gabetzeaz hitz egiten, baina Alderdi honek ez dauka arazo hori, zuek zaretelako gure energia, energia amaigabea, gure hidrogeno berdea, energia garbi eta iraunkorra”, baieztatu du saltsa politikoan sartu baino lehen. Ortuzarrek azaldu du iragan astean Alberto Nuñez Feijóo Partido Popularraren presidenteak deitu ziola hemendik eta lasterrera bilera bat egiteko. Zentzu horretan, batzuek topaketa honen inguruan puztu duten suflea jaitsi arazi nahi izan du Ortuzarrek, bere esanetan ohiko protokoloan baino ez delako kokatu behar. “Behingoz, arrazoia eman behar diot Abascali, aldi berean Vox-en eta EAJ-ren botoekin gobernatu ezin delako. Horrela da: guk, fatxekin, ezer ere ez. Ezer ere ez!”, baieztatu du.
Euskadiko gaietara etorriz, Ortuzarrek berretsi du EAJ-PNVk eskua luzatuta duela Urkullu Lehendakariak iragan ostegunean Politika Orokorrari buruzko Osoko bilkuran oposizioari eskaini zizkion “Herri Akordioak” gauzatzeko. “Adosteko borondatea dugu, eta gainerako euskal indar politikoen aldetik borondate bera aurkitzea espero dugu”, esan du buruzagi jeltzaleak, eta ironiaz hitz egin du EH Bilduk azken aldian harropuztuta agertu duen grina akordio zaleaz, zeinaren bidez, Ortuzarren esanetan, Ezker Abertzalearen “politika suntsitzailea” ezkutatzea bilatzen baita.
Amaitzeko, jeltzaleen buruak fokua jarri nahi izan du erabakigarri jotzen duen alderdi batean, 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira hautagaiak aukeratzea berebizikoa izango delako, hiritargoak aukeratuko dituen pertsonak izango direlako analistek hurrengo hilabeteotarako aurreikusi dituzten garai latzei aurre egin beharko dietenak. “Ahalegin guztiak egin behar ditugu zerrendarik onenak egiteko, onenak aukeratzeko, pertsonarik egokienak, gure batzokietan eta gure Herrietan ditugun pertsonarik onenak jartzeko, 2019ko hauteskundeetako emaitza onak berriro lortzeko, edo hobetzeko. Horregatik eskatzen dizuet parte hartzea, une garrantzitsu honetan Alderdiarekin eskuzabalak izatea. Eskuzabalak gure batzarretan parte hartzeko eta eskuzabalak ere, Alderdiak eskatzen badizue, hauteskunde zerrendetan joateko. Datozen urteak gogorrak izango dira esparru politikoan. Aldi berean, egoera sozio-ekonomikoa ere gogorra izango da. Gobernuan gauden alderdioi begira egongo dira denak, logikoa denez. Horregatik ezin dugu huts egin. Dena eman behar dugu. Barne esparruan dena eman behar dugu, bai eta Euskal Herriarekin daukagun konpromisoan. Horregatik, erantzukizun publikoa duzuenoi eskatzen dizuet dedikaziorik handiena, esfortzurik handiena, datozkigun hilabete hauetan”, amaitu du EBBren buruak.
Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi du Euskadi prest dagoela gizarteak aurrean dituen erronkei aurre egiteko. Ziurgabetasunaren eta paralisiaren aurrean, Urkulluk ekintzara deitu ditu herritarrak. “Ekintza demografiak, energiak edo teknologia berriek planteatzen dituzten erronkei aurre egiteko. Ekintza kalitate handiagoko enplegu gehiago sortzeko erronkari aurre egiteko: Euskadi Talent, Lanbide Heziketa Duala, Unibertsitatea gehi Enpresa. Euskadi prestatuta dago. Euskadi prest dago”, baieztatu du. Lehendakariak era berean berretsi du Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek hurbiletik jarraitzen dituztela hiritarren eskari eta beharrak, elkarlanean eta elkarrekin lan eginez, eta neurriak proposatuz krisiaren, gerraren eta inflazioaren ondorioak arintzeko. Horregatik, Urkulluk nabarmendu du laguntza sozialak areagotuko direla, familien zama fiskala arinduko dela, bereziki egoera txarrenean daudenena, eta berehala neurriak hartuko direla elikagaien eta energiaren prezioaren igoera arintzeko.
Lehendakariaren hitzetan, “bere buruari helburu bat jartzen ez dionak, amets bat ez duenak, ‘zain’ geratzen den Herriak bazter batean geratzeko arriskua dauka. Guk helburuak ditugu. Gure Herriaren anbizioaren neurrian dauden Helburuak: Europako erregiorik aurreratuenen taldean sartzea, biztanleko errentarik altuenarekin. Langabezia %6tik behera jartzea; Euskadi izan dadila karbonoan neutroa den lurraldea; berrikuntzan lider izatea; edo Europako txirotasun indizerik baxuenak izatea”. Azkenik, Urkulluk berretsi duenez “denbora zailak bizi ditugu eta biziko ditugu. Oraindik jarraitzen du gerrak Europaren bihotzean. Testuinguru horretan, Euskadik bakea eta elkarbizitza aldarrikatzen ditu, batasunaren alde egiten du eta basakeria baztertzen du. Aurrera aterako gara elkarrekin lan egiten badugu“.
Beatriz Berlangak, Euzko Gaztedi-EGIko kideak, ilusioz beteta bezain urduri hasi du jeltzaleen aurtengo jai nagusia euskal gazteriari buruzko hausnarketarekin. Esan duenez, Ortuellatik zihoala, Ernaik ipinitako kartel bat ikusi zuen non ezker abertzaleko gazteek beren burua ‘aske eta gazte’ identifikatzen zuten. “Horrek zer pentsatua eman zidan. Euzko Gaztedikook, jeltzaleok, nola definitzen dugu geurea? Aske eta gazte, bai. Eta politikarekin eta gizartearekin konprometituak, toleranteak, euskaldunak, eta egunero, aberria eraikitzen, herrietan, auzoetan, unibertsitateetan, beharretan… Egunero Euzkadi egiten! Ernai eta GKS, argi entzun: kaleak ere gureak dira! Guztionak dira! Gu herriarekin gaude, Euskadirekin; horrela izan da beti. Guk argi daukagu: Euzko Gaztedi gara; Euzko Alderdi Jeltzalea gara, eta aberrigintzan gaude”, aldarrikatu du. Gernikako Estatutuaren eta autogobernuaren alde Euskal Taldeak Madrilen egindako lan eskerga ere nabarmendu nahi izan du EGI kideak, euskal erakunde bakoitzak egunero egiten duen lana ahaztu gabe: “Gogor defendatu dogu, eta defendatuko dogu beti, gure lurra eta horrekin batera, gure eskubide historikoak, Ekonomia Ituna eta gure araubide propioa eta horien kontra jartzen den edonork, aurrean izango gaitu beti!”, agindu du.
Nabarmenak...
Nafarroa
2024/10/09
Nafarroa
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09
EBB
2023/04/06
Europako Legebiltzarra
2024/05/22