Prentsa Aretoa
2023/02/12
EAJ-PNVk pertsonarik onenak aurkeztu ditu Aldundiak eta Udalak “ondo gobernatuta egon daitezen eta hiritarren bizi kalitatea gero eta hobea izan dadin”
2.500 alderdikide eta alderdizaleren artean, jeltzaleek gaur aurkeztu dituzte BECen Maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako hautagaiak
Hautagaitzen aurkezpena BECen. Andoni Ortuzar
HITZALDIA - 2023/02/12Hautagaitzen aurkezpena BECen. Iñigo Urkullu
HITZALDIA - 2023/02/12
Argazkiak...
“Gurea ez da lidergo unipertsonalen alderdia. Guk ez dugu ‘oilarrik’ aukeratzen, herriko plazan edo Legebiltzarrean beste ‘oilar’ batekin topeka egin dezan. EAJ-PNVren baitan gauzak bestela doaz, alderantziz egiten dira. Garrantzitsuena kolektiboa da, taldea, eta egin behar dugun lana: ahalik eta emaitzarik onenak lortzea gure Aldundiak eta udalak ondo gobernatuta egon daitezen, eskurik onenetan egon daitezen eta herritarren bizi kalitatea gero eta hobea izan dadin, zerbitzu publikoak gero eta hobeak izan daitezen. Sekula ez dugu begien bistatik galdu, eta ez dugu galduko ere, hemen zertarako gauden: bada, hemen gaude jendearen zerbitzura lan egiteko”.
Hauxe izan da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, gaur BECen batu diren 700 hautagaiei eta 2.500 bat alderdikide eta alderdizaleei maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako hautagai jeltzaleen aurkezpen ekitaldian zabaldu nahi izan dien mezua. Ortuzarrez gain hitz egin du bertan Iñigo Urkullu Lehendakariak, zeinak herritarren zerbitzura lan egitearen ideia aldarrikatu baitu. “Egunero da gure helburua lortzeko egun aproposa: pertsona bakoitzaren bizi kalitatea hobetzea, herri, hiri eta herrialde hobea egitea, gure lanean eta kudeaketan eredugarri izatea”, baieztatu du Lehendakariak. Ortuzar eta Urkullurekin batera, ekitaldian hitz egin dute Hegoaldeko lau Herrialdeetatik etorri diren EAJ-PNVren 16 hautagaik. Topaketa amaitu da Ortuzarrek berak dinamizatu duen elkarrizketarekin hiru Foru Aldundietarako hautagaien eta EAEko hiriburuetako alkategaien artean: Elixabete Etxanobe (Bizkaia), Eider Mendoza (Gipuzkoa), Ramiro González (Araba), Juan Mari Aburto (Bilbao), Eneko Goia (Donostia) eta Beatriz Artolazabal (Vitoria-Gasteiz). Halaber, ekitaldian aurkeztu dute EAJ-PNVk aurre-kanpainan eramango duen goiburua, ‘Aurrera egiteko’. Mezu hau eramango du talde jeltzaleak hauteskunde kanpaina hasi arte, maiatzaren 11ra arte.
Ortuzarrek azaldu du hamasei hautagaiei ahotsa ematean EAJ-PNVk bilatu duela “EAJ-PNVren benetako dimentsioa erakustea: euskal herrialde guztietan duen presentzia, sigla baten inguruan adin ezberdinetako emakumeak eta gizonak batzeko daukagun gaitasuna agertu nahi izan dugu. Bakoitza bere bizimodu eta lanbidearekin. Batzuk dira herri txikietakoak eta beste hainbat hiri handietakoak. Baina hiru elementu dira guztiok batzen gaituztenak: herri baten parte gara, Euskal Herria, eta konpromiso sendoa dugu denok herri horrekin; herria eta konpromisoa dira, beraz, lehen bi elementuak. Ilusioa da hirugarrena. Ilusio handia, gure herria, Euskadi, Euskal Herria, gero eta askeagoa izan dadin. Gero eta bizimodu hobea izan dezagun. Herria, konpromisoa eta ilusioa”. “Erakundeetan onena eman ondoren” erantzukizun publikoa utziko dutenei, eta Euskadi eta etorkizun hobeak eraikitzeko helburuari bai esan diotenei esker ona adierazi ondoren, Ortuzarrek hautagai jeltzaleak motibatzeko mezua zabaldu nahi izan du. “Hilabete esanguratsuak dauzkagu aurretik, hauteskundeei begira eta, batez ere, egoera sozio-ekonomikoari dagokionez. Neurria eman behar dugu. Euskal gizartea gure begira dago. Nora joan eta zer egin esatea espero du. Politikaren mundua ez dago bere momenturik onenean. Guk gure entzuketa egin dugu, kanpora begira eta barrura begira hobetzeko. ‘Entzunez Eraiki’ egin dugu. Gure ibilbide orria izango da alderdi gisa hobetzeko, gauzak hobeto egiteko, parte hartze handiagoarekin eta gardentasun handiagoarekin, gizartera zabalduz. Aniztasun eta berdintasun handiagoarekin. Gaur eta hemen ikusi duzue dagoeneko norabide horretan urratsak eman ditugula”, aldarrikatu du. “Ez dago politika berririk edo politika zaharrik! Bai dago, ordea, politika ona eta politika txarra. Edo, hobeto esanda, politiko batzuk daude herritarren arazoak konpondu nahi dituztenak, herri, hiri eta herrialdeetako arazoak konpontzeko lana egiten dutenak; eta beste politiko batzuk daude arazoak sortzen dituztenak, arazo bihurtzen direnak. Gu gaude, eta egon nahi dugu, politika onaren alderdian, pertsonak guztiaren erdian jartzen dituen politikagintzan. Herritarren zerbitzura egon nahi den politikan”, amaitu du.
Iñigo Urkullu Lehendakariak ere hitza hartu duenean aldarrikatu du EAJ-PNV bere sorreratik, 1895. urtetik, gidatzen duen asmoa: zerbitzu publikoa. Eta esan du talde jeltzalearen izenean hauteskundeetara aurkezten diren emakume eta gizonen goiburu nagusia hori izan behar dela. “Lehen egunetik azken egunera arte, egunero da gure helburua lortzeko aproposa: pertsona bakoitzaren bizi kalitatea hobetu behar dugu eta herri, hiri eta herrialde hobea eraikitzen lagundu behar dugu, gure lanean eta kudeaketan eredugarri izanez. Gure konpromisoa da, gure derrigorra da. Euskal gizarteak eskatzen digu eta horixe da zor dioguna. Bide horretatik jarraitu behar dugu, autokonplazentzian erori gabe: erakunde guztiak batera lan eginez, dena gure herriaren onbeharrez”, baieztatu du. “Euskadirentzat estrategia argia eta partekatua dugu. Eredu bat dugu. Auzolana zer den ondo dakigu eta herrigintzan sinesten dugu.
Guztion artean aurrera egiten ari gara. Pandemia eta gerraren ondorioak lezio aurreratua izan dira gu guztiontzako, balio dezala esperientzia horrek etorkizuneko arazo ezezagun eta aurreikusi ezinei aurre egiteko. Gaur elkarrekin gaude bide horri jarraipena emateko: herrigintzan aurrera egiteko”, gaineratu du Lehendakariak.
Juan Mari Aburto, Bilboko alkate eta hurrengo legealdira begira berriz aukeratua izateko aurkezten den alkategai jeltzalea, “ilusioz beteta” agertu da “kanpaina berri honen aurrean eta Bizkaiko hiriburuan Alkatetzan hirugarren legealdi bati heltzeko erronkaren aurrean”. Aburtok baieztatu du “Bilbo moderno, erakargarri, jasangarri, seguru eta inklusiboa” nahi duela. “Bilbo hiri bat non gazteek beren bizimodua egin ahal izango duten, non adineko pertsonak estimatuak eta zainduta sentituko diren, non emakumeak aske biziko diren eta beren askatasuna baliatuko duten”. Bilboko alkateak hitzeman du lan egingo duela “pertsona guztiak gure jardueraren helburu nagusi bihurtuz, auzo guztietako bizi kalitatea hobetzeko eta hiriaren garapen ekonomikoaren alde”.
Beatriz Artolazabalek, Vitoria-Gasteizko alkatetzarako hautagaiak, ekitaldian baieztatu du erronkari helduko diola “zinegotzi, foru diputatu eta Eusko Jaurlaritzaren sailburu” izateak ematen dion esperientzia baliatuz. Artolazabalentzat, EAEko hiriburua da “eredu izaten jarraitzeko aukerak planteatzen dituen hiria”, eta berarentzat “ordua da etorkizunari anbizioarekin begiratzeko”. Horregatik sustatu nahi du “ekonomia berritzailea planteatuko duen hiria. Gure industria finkatzeko garaia da, digitalizazioaren apustua egitekoa; inbertsio eta proiektu berriak erakartzeko momentua da eta talentuaren ordua da, talenturik gabe hiriak ez baitu etorkizunik. Zerbitzu onak izango dituen hiria nahi dut, bizi kalitatean erreferente izango den hiria, kohesionatua eta berdintasunaren aldekoa. Eta hiri erakargarria nahi dut, jarduerez eta ekitaldiez betea, kale argiztatuekin eta denda beteekin. Disfrutatzeko eta erakusteko hiria. Anbizioa, zorroztasuna eta harrotasuna. Hori da errezeta”, baieztatu du.
Donostiako alkate eta berriz ere aukeratua izateko aurkezten den alkategai Eneko Goiak Loiolako kuartelak aipatu ditu hiriaren lorpen handi eta helburu nagusitzat. Goiak gogorarazi du Armadaren kuarteletako lurren erosketa posible izan dela Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVren taldeak bideratu zuen negoziaketari esker. Eta ziurtatu du orubearen hiri-garapenak auzo berri bat sortzea ahalbidetuko duela, 1.700 etxebizitzarekin, ekipamenduekin eta kalitatezko guneekin, Donostiako funtsezko eremu baten eraldaketa ekarriko dutenak.
Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai jeltzaleak, hitza hartzean esan du etorkizunari begiratzen diola baikortasunez. “Uste osoa daukat eraikiko ditugun Bizkaia eta Euskadin pertsona guztiok hobeto biziko garela”. Etxanoberen aburuz, “egingo dugun guztiak ondorio positiboak ekarri behar ditu hiritargoarentzat”, eta aurreratu du maiatzaren 28an bizkaitarren konfiantza jasotzen badu, Aldundiaren helburu nagusia izango dela “Bizkaiko herrialdearen garapen ekonomikoa indartzea, enplegu gehiago eta hobea ahalbidetzeko”, bai eta “egiteko bidean ditugun proiektu guztiak egitea ere, beren helburu nagusia baita gure bizi kalitatea hobetzea”.
Ramiro Gonzálezek, Arabako Ahaldun Nagusi eta berriz ere kargurako aurkezten den hautagaiak, argi utzi nahi izan du bere asmorik handienetakoa izango dela “Arabako industriari bultzada emateko eta transformatzen laguntzeko proiektua, dagoeneko hitzemanda dauden inbertsio handiekin, ia 2.600 milioi eurokoak, Mercedes, Arasurko Data Center-a edo Basquevolt bezalako empresa handietan. Hori dena egingo dugu arabarren enplegua eta bizi kalitatea hobetzeko, Herrialde erakargarria izaten jarrai dezagun, Herrialde bikaina, bizitzeko tokirik onena”.
Eider Mendozak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaiak, baieztatu du erantzukizunez hartzen duela Markel Olanoren lekukoa jasotzeko ardura, eta egungo Ahaldun Nagusiak azken legealdi bietan egin duen lana balioesteko aprobetxatu du. “Orain, guri dagokigu, gure belaunaldiari. Konpromisoa hartzea dagokigu, bai eta gure Herrialdearen etorkizuna erakintzen jarraitzeko eta Gipuzkoa aurrera eramateko ardura hartzea ere”, aldarrikatu du. “Aurretik ditugu lau urte eder, Pasaiako badiaren berroneratze lanak amaitzeko eta Adinberri zahartze osasungarrirako zentroa bezalako proiektu sendoak aurrera eramateko”, gaineratu du Mendozak.
Nabarmenak...
Nafarroa
2024/10/09
Nafarroa
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Nafarroa
2024/09/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09
EBB
2023/04/06
Europako Legebiltzarra
2024/05/22