Prentsa Aretoa
2023/09/29
Lizarrako alkate izan zen Fortunato Agirre jeltzalea omendu du EAJ-PNVk, tropa frankistek erahil zutenetik 87. urteurrena betetzen dela gogoratuz
Andoni Ortuzar EBBren presidenteak,Unai Hualde NBBren buruak eta Lizarrako Uri Buru Batzarraren presidente Ricardo Gómez de Segurak gaur omendu dute eta gorazarre egin diote askatasunaren, demokraziaren, justizia sozialaren, euskara, kultura eta kulturaren defendatzaile sutsua izan zenari
Omenaldi hunkigarria egin dio gaur EAJ-PNVk Lizarrako alkate izan zen Fortunato Agirre jeltzaleari, tropa frankistek duela 87 urte erail zutela gogoratuz. 1936an fusilatu zuten Tajonarren bere baloreengatik eta askatasuna, justizia eta demokrazia defendatzeagatik. Agirre, halaber, justizia sozialaren, euskararen, kulturaren eta kirolaren defendatzaile sutsua izan zen, alkate bikain izateaz gain eta Lizarrarentzat aurrerapen nabarmenak ekartzeaz gain. Lizarrako hilerrian egin den omenaldian, bertan Agirreren senideak eta lagunak izan direla, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, Napar Buru Batzarraren presidente Unai Hualdek eta Lizarrako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren presidente Ricardo Gómez de Segurak hartu dute hitza. Ekitaldian izan dira Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujo, Geroa Baiko foru parlamentari María Solana; Ega ibaiaren hirian Geroa Baik duen zinegotzi eta foru parlamentari Blanca Regúlez; Irujo Etxeako presidente Koldo Viñuales; eta Napar Buru Batzarreko eta Lizarrako EAJ-PNVko burukideak. Ekitaldia baliatu dute jeltzaleek Manuel Irujoren figura gogoratzeko.
Lizarrako Uri Buru Batzar jeltzalearen presidente Ricardo Gómez de Segurak bere aldetik gogoratu duenez “2013ra arte itxaron behar izan genuen, 77 urte geroago, udal talde guztion erabakiz Lizarrako Udaletxeko sarreran bertan Fortunato Agirre eta Clemente Ros eta Federico Leza munizipalak omentzeko plaka jarri arte”. “Aintzatespen berantiarra izan zen, baina aldi berean bidezkoa. Gaur berriz ere omentzen ditugu, gure artean jarrai dezaten eta beren oroimena sekula galdu ez dadin”, adierazi du.
Napar Buru Batzarraren presidente Unai Hualdek bere aldetik adierazi duenez, “Agirre erail zuten bere baloreengatik eta askatasuna, justizia eta demokrazia defendatu zituelako”, eta ziurtatu duenez “Ultraeskuinaren aurrean, asmo atzerakoi eta negazionistaren aurrean Fortunato gogora ekartzea eta omentzea, inoiz baino beharrezkoago egiten zaigu gaur”. “Eta, bera gogoratuz, guretzat guztiz eredugarria da bere ibilbidea, gure lan politikoan gidatu behar gaituzten baloreak gogora ekartzen dizkigulako: konpromisoa, lana, giza-legea eta elkarrizketa. EAJ-PNVko ordezkari eta herri kargudunek balore horiek ez ditugu sekula ere ahaztu behar. Gaur daukaguna lortu izan dugu Fortunato bezalako pertsonek duela mende bat Nafarroan egin zuten lanari esker. Kasu batzuetan, Fortunatoren kasuan bezala, beren bizia emateraino ailegatu ziren”, nabarmendu du Napar Buru Batzarraren presidenteak. Hualdek ildo beretik gaineratu duenez, “hori esan dezakegu EAJ-PNV beti izan delako askatasunaren eta demokraziaren aldean, Fortunato bezalako biktimen ondoan; memoria, egia eta justiziaren alderdian. Beti defendatu dugulako biktimei erreparazioa zor zaiela”.
Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, bere aldetik, ziurtatu du “Fortunato Agirre heroia eta biktima izan zen. Eta heroi eta biktima izan zen demokrata zelako, abertzalea zelako eta herriak demokratikoki aukeratu zituen instituzioekin zintzo eta leial izaten jarraitu zuelako. Atzo bertan, osteguna, Eusko Legebiltzarrak Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onetsi zuen Ganberaren ordezkaritzaren %90aen babesarekin, baina %90 horretan ez ziren ez Partido Popularra ezta Vox ere. Eta gaur eguerdian, Madrilen, EAJk ‘ezetza’ eman dio berriz ere Feijóori, hau da, berriz ere ‘ez’ bozkatu diogu PP-Vox baturari. Benetan azalpenak ematen jarraitu beharra dagoela Feijóori eman diogun ezetzaz? Inork behar du beste arrazoiren bat? Eguerdian, Kongresuan, EAJko diputatuek Vox-en babesa izango zuen PPren Gobernuaren alde bozkatu izan balute, nik gaur ezin izango nieke Agirreren familiari aurpegira begiratu”.
Ekitaldia amaitutakoan, bertaratuak joan dira ‘Manuel Irujo: cristiano, demócrata y vasco’ izenburuko liburuaren aurkezpenera. Patxi Agirre Arrizabalagak idatzitako hau Fray Diego de Lizarra Kultura Etxean aurkeztu dute gaur.
Nabarmenak...
Nafarroa
2024/10/09
Nafarroa
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Nafarroa
2024/09/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09
EBB
2023/04/06
Europako Legebiltzarra
2024/05/22