Prentsa Aretoa
2024/05/31
Oihane Agirregoitiak Iruñean hitzeman du "Hitzarmena defendatzeko" eta Europako Parlamentuan "Nafarroaren ahotsa" izateko konpromisoa
EAJ-PNVko eta CEUS Koalizioko zerrendaburuaz gain Nafarroako hiriburuan egin den ekitaldi politikoan hitza hartu dute Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko eta Napar Buru Batzarraren presidenteak, Amaia Arrizabalaga hautagaiak eta Uxue Barkos Geroa Socialverdeseko idazkari nagusiak
Oihane Agirregoitia - Ekitaldi politikoa Iruñean
MINTZALDIA - 2024/05/31Uxue Barkos - Ekitaldi politikoa Iruñean
MINTZALDIA - 2024/05/31Unai Hualde - Ekitaldi politikoa Iruñean
MINTZALDIA - 2024/05/31Amaia Arrizabalaga - Ekitaldi politikoa Iruñean
MINTZALDIA - 2024/05/31
“Gaur egun Europa 27 estatuk osatzen dute, baina Europak 31 Ogasun ditu. Estatu kideetako ogasun horiei Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroakoak gehitu behar baitzaizkie. Ekonomia Ituna eta Hitzarmena Europak onartzen ditu, eta beren eskumenei eragiten dieten erabakiak hartzen diren mahaietan egon behar dute. Defendatu egingo dut, Europan Hitzarmena defendatuko dugu. Inork ez dezala zalantzarik izan!”. Irmo era argi baino argiago hitz egin du Oihane Agirregoitiak Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa-CEUSek Iruñeko Taconera parkean egin duen ekitaldian. Gaurko bilera politikoan, Agirregoitiaz gain, hitza hartu dute Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidente eta Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Amaia Arrizabalaga hautagaiak eta Uxue Barkos Geroa Socialverdeseko idazkari nagusiak. Geroa Bairen alde egiteko eskatu die Hualdek nafarrei, “Europako erakundeetan Nafarroaren benetako defentsa lehenestea nahi badute”. Arrizabalagak, berriz, “Europako proiektua indartzen duten alderdiak” nabarmendu ditu, “ahultzeko asmoz hauteskundeetara doazenen aurrean”. Barkosen hitzetan, “ultraeskuinari ez zaio bularreko kolpeekin aurre egiten, politika ausartekin baizik”.
Hautagai jeltzaleak ziurtatu duenez, “eurodiputatu gisa, nafarren interesak defendatzera joango naiz Bruselara. Ez izan zalantzarik: Nafarroaren ahotsa Bruselara eramango dugu. Hitzarmena defendatuko dugu. Nafarroako industria eta lehen sektorea defendatuko ditugu. Gaur eta hemen zuen aurrean hartzen dut Europan zuen ahotsa izateko konpromisoa. Eta zuen ahotsa euskaraz entzungo da Bruselan, gure hizkuntzaren ofizialtasuna bultzatuko baitugu bertan, lortu arte. Eta lortuko dugu euskara, ‘Lingua Navarrorum’, Kontinente Zaharreko hizkuntzarik zaharrenetakoa delako eta gure eskubidea delako”, adierazi du. Agirregoitiak Iruñean zegoela aprobetxatu nahi izan du EAJ-PNVk “Atlantikoko Makroeskualdeari azken bultzada” emateko eta mugaz gaindiko proiektuak babesteko duen konpromisoa azaltzeko. “Atlantikoaren inguruan bizi garen nazioek eta eskualdeek Europan protagonismoa izaten jarraitzea nahi dugu. Herrien Europan sinesten dugu, eta gure herriak egon behar du guri eragiten diguten gaiak erabakitzen diren mahaietan. Dagoeneko mugaz gaindiko lau eskualde daude: Baltikoa, Adriatiko-Jonikoa, Alpeetakoa eta Danubio. Gure proposamena da Makroeskualde Atlantikoa sortzea, erakunde, unibertsitate, enpresa eta elkarteen laguntzarekin. Nazio bat gara eta beste nazioekin berdinetik berdinera esertzeko eskubidea aldarrikatzen dugu”, gaineratu du.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente eta NBBren buruak ziurtatu duenez, “Geroa Bai beti Europara begira egon den koalizioa da”. “Nafar guztientzako mezua argia da, Europan nork ordezkatzea nahi duten aukeratu behar dute: Nafarroaren interesak PSOE, PP eta Sumar bezalako estatu-aukeretan desagertzea nahi duten edo, beste interes batzuen gainetik, Nafarroaren benetako defentsa Europako erakundeetan lehenestea nahi duten. Kasu honetan, Geroa Bai eta CEUS dira, zalantzarik gabe, aukerarik onena”, ziurtatu du Hualdek. Azkenik, burukide nafarrak adierazi duenez, “garrantzitsua da Geroa Bai eta CEUS Europan egotea” jateko gauzak erabakitzeko baina baita demokrazian sakontzeko ere, azken horrek arriskuak inguruan dituenean”. “Nafarroan ere baitugu legealdi honetan ultraeskuina. Eta kasu honetan Geroa Bairen aldetik erakusten ari gara demokratikoki aurre egiten ari gatzaizkiela”, gaineratu du.
Amaia Arrizabalagak, Geroa Baiko hautagaiak, arratsaldeko ekitaldiari hasiera emateko hitzak esatea egokitu zaio gaur. Bere hitzetan “kanpaina honetan zehar gure lana izaten ari da nafarrei gure proposamenak azaltzea”, “Europako proiektua indartzeko proposamenak, hauteskunde hauetara proiektu hori ahultzeko helburuarekin doazenen aurrean; eta Nafarroaren interesak defendatzeko proposamenak ere, gure berezitasuna desagertarazi eta gu ikusezin egin nahi gaituztenen aurrean”. Hautagaiak ildo beretik gogorarazi duenez, “Europarako azken urteetako hauteskunderik garrantzitsuenean, UPN ez dago”. “Estrategikoki egin duten azken hutsegitea da hau, ulertezin egiten zaigun norabidean hartu dutena. Guk bai sinesten dugu Europako proiektuan. Europan egon behar dugula uste dugu, bai eta gure proposamenak defendatu eta ekarpenak egin behar ditugula ere”.
Uxue Barkos Socialberdeak elkarteko idazkari nagusi eta Geroa Baiko senatariak bere aldetik azpimarratu du Nafarroak Bruselan ahots propioa izatearen garrantzia: “Gure ahots propioa ingurumenaz hitz egiteko, ahots propioa industriaren alde egiteko, ahots propioa deskarbonizaziorako eta digitalizaziorako, ahots propioa euskaraz eta ahots propioa giza eskubideak defendatzeko”. Geroa Baiko senatariak bat egin du Hualderekin, eta “autoritarismoak akabatzeko lanean jarraitzeko hitza”, eman du: “Ultraeskuinari ez zaio bularreko kolpeekin aurre egiten. Badakigu ultraeskuindarren aurrean lan handia egin behar dela egunero politika serio eta ausartekin, eta ez hauteskunde kanpainan bakarrik. Ultraeskuinari gizarte zuzenago batekin egiten zaio borroka, gizarte osoarentzako ongizate-politikekin; ultraeskuinari aurre egiten zaio errespetuz eta harrotasunez bere aniztasuna bizi duen gizartearen errealitateari balioa emanez”, esan du.
Bideo erlazionatuak...
Europako Legebiltzarra
2024/05/31
Europako Legebiltzarra
2024/05/31
Europako Legebiltzarra
2024/05/31
Nabarmenak...
Nafarroa
2024/10/09
Nafarroa
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Nafarroa
2024/09/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09
EBB
2023/04/06
Europako Legebiltzarra
2024/05/22