Prentsa Aretoa

2024/07/01

Unai Hualdek azpimarratu du Legebiltzarraren lan “sutsua”, 2.000 ekimen baino gehiago egin dituelarik, eta "hezkuntza ez galtzeko" eskatu du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari eta Napar Buru Batzarreko lehendakari Unai Hualdek XI. Legealdiko lehen urteari dagokion Jardueren Memoria aurkeztu du

rss Ezagutzera eman
Unai Hualdek azpimarratu du Legebiltzarraren lan “sutsua”, 2.000 ekimen baino gehiago egin dituelarik, eta

ARGAZKIA JAITSI

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek XI. Legegintzaldiaren lehenbiziko urteari buruzko Nafarroako Parlamentuaren Jardueren Oroitidazkia aurkeztu du gaur (2023-05-28/2024-05-28). Bilkuraldi honetan mugarri izan da gutxiengoa duen koalizio-gobernu berria osatu dela eta, etxe barruan, indarrean sartu dela Legebiltzarraren barne-bizitza arautzen duen Erregelamendu berria, zeinaren arabera izapidetu baitira 2.034 ekimen. 

Legegintzaldiaren lehenbiziko urte honetan 13 foru-lege onetsi dira; horietatik 11 Nafarroako Gobernuak igorri dituen proiektuen fruitu izan dira, eta beste biak, berriz, Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztu dituzten proposamenen fruitu. Gainera, legegintzako 4 foru-dekretu baliozkotu dira, Tributu Harmonizaziokoak.

Gobernuaren jarduna kontrolatzeko eta bultzatzeko eginkizunaren baitan, 700 galdera aurkeztu dira. Horietatik, 311 Osoko Bilkuran edo batzordean erantzun beharrekoak izan dira, eta 389 idatziz erantzutekoak.

Gobernuak 164 agerraldi-eskaera jaso ditu, Parlamentuko batzordeetan bere kudeaketaren berri emateko.

Gobernuaren jarduketaren gaineko kontrolaren eta pronuntziamendu politikoaren atalean, 872 informazio-eskari erregistratu dira eta 22 adierazpen instituzional eta 60 ebazpen onetsi dira (111 aurkeztu dira, eta horietatik 46 errefusatu eta 5 erretiratu dira). Horrek erakusten du eguneroko politiko eta sozialaren jarraipen sakona egin dela, baita interpelazioen bidez (19) nahiz hezkuntzari eta osasunari buruz egindako osoko bilkura monografikoen  bidez ere (horietan, 6 eta 10 proposamen onetsi dira, hurrenez hurren).

Pronuntziamendu politikoei dagokienez (aurreko legegintzaldiaz geroztik, gehiengo osoa behar da halakoak onesteko), Unai Hualdek adierazi du "indar politiko berri bat dagoela (Vox), ez duena bat egiten adierazpen instituzionalekin, baina horrek ez duela baldintzatu Nafarroako Parlamentuaren gehiengoaren babesa daukaten ekitaldiak egitea, hala nola Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna edo LGTBI+ Harrotasunaren Eguna".

Datu horiek ikusita, Unai Hualdek uste du "Parlamentua bizirik dagoela, anitza dela eta jarduera handia duela. Aurreko legegintzaldiko bide beretik goaz: jarduera handieneko legebiltzarretako bat gara; Erregelamendu berriak ere badu horretan zerikusia, zeren txanda berriak eta Nafarroako Gobernua kontrolatzeko formula berriak ezarri baitira; esate baterako, mozioetan. Parlamentariek Gobernuari zuzendutako galderen eta informazio-eskarien erantzuna lortzeko bermeak ere sendotu dira".

Legegintzaren arloan, Unai Hualdek nabarmendu du, duen eragin berezia dela-eta, Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorren Legea, bai eta Foruaren Hobekuntza aldatzeko proposamena ere, trafiko arloko eskumenak eskualdatzeko (Gorte Nagusietara jada bidalia): "mugarri horren atzetik beste aldaketa batzuk etor litezke", Foruaren Hobekuntza gaurkotzeko ponentziak ematen dituen fruituen arabera, jadanik hainbat adituk egin baitute agerraldia bertan".

Azterketaren eta analisiaren ikuspuntutik, lehendakariak orobat ekarri ditu hizpidera Jokabide-kode bat taxutzeko ponentzia –"gure Parlamentuaren mailakoa eta, batez ere, herritarrek espero dutenaren mailakoa"– eta Estellerriaren garapen sozioekonomikoa aztertzeko ponentzia, "oraingoz ia jarduerarik ere ez duena".

Erakundeak dibulgazioaren arloan izandako jarduera ere ekarri du gogora Lehendakariak; izan ere, "Parlamentua herritarrei hurbiltzea" denez  helburua, agenda betea dauka ospakizun, erakusketa eta hitzaldiekin, horietako asko Nafarroako elkarte-sarearen laguntza ordainezinarekin; hori dela-eta, eskerrak eman dizkie elkarteei, "izan duten jarreragatik".  Jarduera hori guztia bat dator Lehendakariak duen asmoarekin: eginahalak egitea erakunde parlamentarioa herritarrei hurbiltzeko.

Unibertsitateekin duela hainbat urtetik hona dauzkan lankidetza-hitzarmenak gogora ekarri eta gero (lehenbiziko aldiz unibertsitate guztiekin, UHUNekin ere egin baitu lankidetza-hitzarmena), Unai Hualdek berariaz aipatu du 2023an Urrezko Domina berreskuratu zela –kirol federazioek eta udaletako kirol teknikariek jaso zuten domina, emakumezkoen kirolaren izenean– eta Gamazadaren 130. urteurrena ospatu zela (Iruñeko Orfeoiak kontzertua eman zuen, eta Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak eta Nafarroako Txistulari Elkarteak ere parte hatu zuten).

Barne-antolamenduari dagokionez, Lehendakaria pozarren agertu da administrazio elektronikoa ezarri delako eta, kudeaketaren arloan, "behar bezala" bete direlako Kontuen Ganberaren gomendioak.

Bukatzeko, Unai Hualdek adierazi du XI. Legegintzaldi honen lehenbiziko urteak erakutsi duela zeinen beharrezkoa den "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea" jorratzea, "biak ala biak funtsezkoak baitira edozein ekimen onesteko, Gobernua gutxiengoan baitago Parlamentuan".

Bestalde, ikusita eztabaida batzuetan bizi izan den "intentsitatea eta kartsutasuna, nahiz eta ez den beti behar bezalako zuzentasuna gordetzen", Lehendakariak eskatu du "gizabidez eta kortesiaz" jardun dadin, irailetik aitzina parlamentuko giroa "aurreko legegintzaldietako normaltasunera" itzuli ahal izan dadin.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua