Prentsa Aretoa

2024/09/20

EAJ-PNV Nafarroa pozik agertu da azken egunotan Nafarroa Euskal Y-arekin lotzeko ikerketei emandako bultzadarekin

Napar Buru Batzarrak Madrilen eta Nafarroan onartutako ekimen parlamentarioak baloratzen ditu, baita Sanchez presidenteak lehendakariarekin hartutako konpromisoa ere. NBBk balioan jartzen du Nafarroako Foru Parlamentuan onartutako ekimena, Ezkioko konexioa barne hartzen duen egutegi bat eskatzen duena.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV Nafarroa pozik agertu da azken egunotan Nafarroa Euskal Y-arekin lotzeko ikerketei emandako bultzadarekin

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Napar Buru Batzarra pozik agertu da aste honetan Diputatuen Kongresuan onartutako ekimenarekin. Ekimen horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio Nafarroa eta Euskal Y-a lotuko dituen trazadura zehazteko azterketak sei hilabeteko epean amaitzeko, Nafarroaren eta EAEren parte-hartzea bermatuz.

UPNk aurkeztutako mozioa Euskal Taldeak zuzendu zuen, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak egin beharreko azterlanak arintzeko eta Nafarroak eta EAEk Iruñerriaren eta Euskal Y-aren arteko trafiko mistorako bide bikoitzeko eta zabalera estandarreko abiadura handiari buruzko informazio-azterlanaren definizioan parte hartzea bermatzeko.

Behe Ganberan onartutako ekimenari Pedro Sánchez presidenteak Pradales lehendakariaren aurrean gaur bertan hartutako konpromisoa gehitu behar zaio, EAEren eta Nafarroaren arteko abiadura handiko trenbidearen loturari dagozkion txosten teknikoak, ingurumenekoak eta ekonomikoak bizkortzeko.

Ildo beretik, NBBk oso positibotzat jotzen du atzo Nafarroako Parlamentuan ekimen bat onartu izana. Ekimen horretan, Ganberak obren egutegi argi eta zehatza eskatzen du, Nafarroan egiteke dagoen tartea eta Ezkiotik Euskal Y-arekin lotzeko modua barne hartuko dituena. EAJ-PNV Nafarroak gogorarazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2018an egindako alegazioen oinarri izan diren orain arteko azterlan teknikoen arabera, azpiegituraren zati batean garraio-ahalmena asetzea aurreikusten da, lotura Gasteiztik egingo balitz".

"Loturarena bezalako erabaki bat hartzerakoan, puntu estrategikotik Nafarroaren etorkizunerako hain eragin garrantzitsua izango duena, eska daitekeen gutxienekoa da judizio-elementu guztiak mahai gainean izatea (ekonomikoak, teknikoak eta ingurumenekoak)", adierazi du EAJ-PNV Nafarroak.

Ildo horretan, NBBk adierazi duenez, "Nafarroako Gobernuaren alegazio horietan H-aren eta V-aren arteko nahasketa jasotzen da, Ezkiora doana, Ministerioak aurreikusitako txostenen faltan, gaur egun gure babesa eta abala duena".

Azkenik, Euskal Y-arekin eta Atlantiko-Mediterraneoko korridorearekin lotura izateak Nafarroarentzat duen garrantzia azpimarratu du NBBk, Nafarroako Foru Erkidegoa ezin baita horretatik kanpo geratu. "EAJ-PNVren NBBetik Europari gehiago begiratzearen alde gaude, eta gutxiago Madrili, etorkizuna baitugu jokoan", ondorioztatu du.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua