Prentsa Aretoa

2024/10/09

EAJ-PNV Nafarroak duela 88 urte tropa frankistek erahildako Fortunato Agirre alkate jeltzalearen figura, memoria eta ondarea ohoratzen ditu

"Fortunatoren adibideak gida gaitzala eta bere balioek jarrai dezatela, belaunaldiz belaunaldi, katean transmitituz, ahaztu ez dadin", adierazi du Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV Nafarroak duela 88 urte tropa frankistek erahildako Fortunato Agirre alkate jeltzalearen figura, memoria eta ondarea ohoratzen ditu

ARGAZKIA JAITSI

1936ko irailaren 29an tropa frankistek Taxoarren fusilatutako Fortunato Agirre alkate jeltzalearen irudia, memoria eta ondarea gogoratu ditu gaur EAJ-PNV Nafarroak. Agirre izan zen Lizarrako lehen alkate abertzalea, Lizarrako Estatutu Batzarreko lehendakaria, Napar Buru Batzarreko kidea, Osasunaren, Izarra Kirol Klubaren eta Lizarrako ikastolaren sortzailea; justizia sozialaren, euskararen, kulturaren eta kirolaren defendatzailea; hirirako aurrerapen garrantzitsuen kudeatzaile bikaina, bere balioengatik eta askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren defentsagatik eraila izan zena. 

Omenaldia Lizarrako hilerrian egin da, eta bertan izan dira Agirreren senitartekoak eta gertukoak, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko eta Napar Buru Batzarreko presidentea; Ricardo Gómez de Segura EAJ-PNVren Lizarrako Uri Buru Batzarreko presidentea; Koldo Viñuales Irujo Etxea elkarteko presidentea; Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria; Pablo Ezkurra Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia eta Geroa Baiko zinegotzi ohia Lizarran; Iñigo Arruti Nafarroako Gobernuko Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusia; Blanca Regúlez Ega Hiriko Geroa Baiko zinegotzia, parlamentaria eta Napar Buru Batzarreko burukidea; EAJ-PNV Lizarrako kideak eta NBBeko burukideak. Ekitaldian Manuel de Irujoren irudia ere gogoratu da, honek ere basakeria eta zentzugabekeria jasan zituen eta erbestera joan behar izan zuen. 

Unai Hualde NBBko presidenteak nabarmendu duenez, "EAJ-PNV beti egon da faxismoaren, intolerantziaren eta basakeriaren aurrean". "Zoritxarrez, erakundeetan, egunez egun, diskurtso faxistak, intoleranteak eta gorrotozkoak ikusten ari gara. Eta haien aurrean beti egongo gara. Erakundeetan jeltzaleen ordezkari bat dagoen bitartean, jarrai dezagun haiei aurre egiten. Ezta atzerapausorik ere. Ez dugu onartuko", ziurtatu du. "Gure alderdian beti esaten dugu: ‘Katea ez da eten’. Fortunatoren adibideak gida gaitzala, haren balioek jarrai dezatela, belaunaldiz belaunaldi, katean transmitituz. Bere figura eta lana ez daitezela ahaztu", gaineratu du. 

Hualdek, gainera, Agirre familiaren "ezinbesteko" lana aitortu du, "Nafarroan memoria historikoa berreskuratzeko, basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima guztien defentsan", eta eskerrak eman dizkie "urteetan isiltasuna eta desmemoria jasan dutenei, eta erakundeetan bultzada eta indarra eman diguzuenei, gaur Nafarroa memoriaren politika publikoetan erreferente izan dadin". "Horiengatik guztiengatik, zuen adibideagatik, urtero jarraituko dugu haien memoria gogoratzen. Izan ere, memoriarik gabe ez dago egiarik, ez dago justiziarik eta ez dago erreparaziorik", adierazi du. 

Bestalde, Ricardo Gómez de Segura EAJ-PNVren Lizarrako Uri Buru Batzarreko presidenteak Fortunato Agirreren ondarea eta memoria hurrengo belaunaldiei helaraztearen garrantzia aipatu du. "Gaur hemen gaude, 88 urte geroago, Fortunato Agirre gogoratzeko eta inoiz ez ahazteko borondate argiarekin. Gutxienez, ez ahaztu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu. Gure baitan bizirik jarrai dezala, gure oroimenean, eta gure adinekoek transmititu diguten bezala, gure seme-alabei transmititzen jakin dezagun", adierazi du. 

Halaber, Koldo Viñuales Irujo Etxea elkarteko presidenteak gogorarazi du Fortunato Agirre "demokrazia defendatzeagatik eta errepublikaren aurkako estatu-kolpean parte ez hartzeagatik" hil zutela, eta Fortunato Agirrek eta Manuel de Irujok herria eraikitzeko diseinatu zituzten ideiak, proiektuak eta bideak lantzen jarraitzeko konpromisoa aldarrikatu du.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua